Euskal Pilota Selekzioak irekiko du 2026ko txotx denboraldia, Petritegin

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko urtarrilaren 7a

Urtarrilaren 14an egingo dute Sagardo Berriaren Eguna, eta Petritegira bueltatuko da 13 urteren ondoren. Euskal Pilota Selekzioko kideek hartuko dute aurreneko sagardo tragoa, estreinakoz Nazioen Ligan aritu ondoren.

Hastear da 2026ko txotx denboraldia. Datorren asteazkenean, urtarrilaren 14an, irekiko dute aurreneko kupela Astigarragan, Sagardo Berriaren Eguneko ospakizunarekin. 33garren edizioa du txotx irekiera ekitaldiak, eta egun horrek sagardoa bera protagonista nagusi duen arren, izango ditu beste bi izen propio ere. Bata, Euskal Pilota Selekzioarena, hura osatzen duten kideek izango baitute aurten aurreneko sagardo tragoa dastatzeko ohorea eta ardura. Eta bestea, Petritegi sagardotegiarena, bertan irekiko baitute txotx denboraldi berriko aurreneko kupela.

13 urteren ondoren bueltatuko da Sagardo Berriaren Eguna Petritegira, baina ospakizun horretara ondo ohituta dago sagardotegia. Izan ere, bertan egin zuten estreinako edizioa 1994an: Andoni Egaña izan zen gonbidatu berezia, aurreneko Sagardo Berriaren Egun hartan. Baina urte hartakoa bakarrik ez, 2013ra bitarteko txotx irekiera guztiak ere egin zituzten Petritegin bertan, 2007koa izan ezik. La Oreja de Van Goghen eskutik egin zuten 2013ko azkeneko hura. Denera 17 edizio, eta 18garrena izango da aurtengoa, atseden luzearen ondoren.

Kamixeta berdez beteko da Petriregi sagardotegia aurtengoan, Euskal Pilota Selekzioko kideek jasoko duten omenaldiarekin. Aurrenekoz Euskal Selekzio gisa aritzeko aukera aitortuta, Nazioen Liga jokatu berri dute 2025ean, eta lorpen horri eta lortutako emaitza bikainei aitortza egingo diete aurtengo Sagardo Berriaren Egunean, aurreneko sagardo tragoa beraiek dastatuta.

Aurretik, aurkezpena eta sagarrondoaren landaketa Erribera kulturgunean

Petritegi sagardotegira iritsi au­rretik ha­siko da Sagardo Berri­aren Eguneko ekitaldia, eguer­­­diko 12:00etan jarri baitute hi­­­tzordua Erribera kulturgune­an. Prentsaurrekoa eskainiko dute bertan, 2025eko uztaren eta sagardo berriaren ezaugarriak azaldu, eta sagardoaren sektorean izan diren gertaera garrantzitsuenen berri emateko. Xabier Urdangarin alkate astigartarrak emango dio hasiera aurkezpenari, eta bertan izango dira Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako ordezkariak ere. 

Ez dira faltako Euskal Pilota Selekzioko kideak ere. Prentsaurrekoan hitza hartzeaz gainera, kulturgunearen kanpoaldean ere izango dute beste ardurarik: sagarrondo bat landatuko dute Kontxa Etxeberria plazan. «Naturaren dinamikotasuna eta berritzeko ahalmena» azaleratu nahi dute ekitaldi sinboliko horrekin.

Eta ondoren, orduan bai, Petritegira mugituko dute ospakizuna. Txalapartarien deiarekin batera, 13:30etan hasiko da sagar dantza, eta sagardogileek soka dantzarekin gerturatuko dituzte gonbidatuak aurreneko kupelera. 'Gure sagardo berria' oihukatu, edalontzia ahora eraman, eta hasiera emango diote aurtengo txotx garaiari.

 

XXXIII. SAGARDO BERRIAREN EGUNA

URTARRILAK 14, larunbata

11:30-12:00, Akreditazioen banaketa, Erribera kulturgunean.

12:00, Prentsaurrekoa, Erribera kulturgunean. Bertan azalduko dituzte 2025eko uztaren ezaugarri nagusiak, sagardo berriaren ezaugarriak eta sagardoaren sektoreko gertaera garrantzitsuenak.

12:45, Euskal Pilota Selekzioak sagarrondo bat landatuko du Erribera kulturguneko plazan.

13:30, Txalapartarien deiarekin batera, sagar dantza dantzatuko dute Petritegi sagardotegian, eta ondoren, sagardogileek zein kultur taldeetako ordezkariek gonbidatuak soka dantzan parte hartzera gonbidatuko dituzte, sagardo berria dastatzeko.

13:45, Petritegi sagardotegian 'Gure sagardo berria' oihu eginda sagardo berria dastatuko dute gonbidatuek, eta horrekin hasiera emango zaio 2026ko txotx denboraldiari. Ondoren, sagardotegiko ohiko menua dastatzeko bazkaria izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!