Klima eta Energiaren aldeko Alkateen Ituna eta garapenerako diru laguntzak nabarmendu ziren abenduko batzarretan

Libe Murua Masid 2026ko urtarrilaren 4a

Abenduaren 23an egin zituen Astigarragako Udalak urteko azken Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzarra. Gai gutxi izan ziren batzarretan, baina bi nabarmendu ziren. 

 

Urteko azken Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzarra egin ziren abenduaren 23an. Jorratzeko gai gutxi izan arren, Astigarragako Udalak Klima eta Energiaren alde alkateek sinatutako ituna eta garapenerako lankidetza programaren dirulaguntza nabarmendu ditu.

Besteak beste, 2025eko eta 2026ko udal langileen soldaten igoera onartutzat eman zuen Osoko Bilkurak.

Alkateen Ituna

Osoko Bilkuran aurkeztu zuen Udalak Klima eta Energiaren aldeko Alkateen Itunaren adierazpen instituzionala, baita onartu ere. Aditzera eman zuenez, Astigarragako Udalak 2023an onartu zuen Klima eta Energia Plana, eta geroztik, arlo honetan lanean jardun badu ere, itunak bat egiten du Udalaren konpromisoarekin. 

Testu hau onartuta, Udalak konpromisoa hartzen du epe ertain eta luzerako helburuak finkatzekoa, beti ere, Europar Batasunaren helburuekin bat datozenak. 2025erako esaterako, «neutraltasun klimatikoa» lortzea dute helburu. Egungo larrialdi klimatikoa kontuan hartuta, herritarren inplikazioa, ekintza-planen garapena eta gainontzeko alkate eta liderrekin lankidetzak egiteko plana duela azaldu du Udalak.

Batetik, «herritarrak, enpresak eta gobernuak inplikatu nahi ditugu ikuspegi hori aplikatzeko eta gure sistema sozial eta ekonomikoak aldatzeko maila guztietan», azaldu du. Horretarako, lanerako prest dauden eragile guztiekin tokian tokiko hitzarmen klimatikoa garatzeko helburua izango du Udalak. 

Bestetik, ekintzak aurrera eramatearen garrantzia mahai-gaineratu du, «beharrezkoa trantsizioa bideratzeko eta bizkortzeko». Ekintza-plana garatuko dute beraz, ezarritako helburuak egingarriak izan daitezen. «Gure planetan, klima-aldaketaren ondorioak arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko xedapenak sartuko dira, beti ere, integratzaileak izateari utzi gabe», diote.

Azkenik, tokiko beste alkate eta liderrekin harremanak ezarri behar direla nabarmendu du Udalak, «Europan eta haratago, elkar inspiratzeko». Zehazki, Alkateen Itun Globalaren mugimenduan bat egin dezaten eskatuko diete, «hemen deskribatzen diren helburuak eta ikuspegia beren egiten badituzte». 

Dirulaguntza-lerro berriak

Astigarragako udaletxeak urtero martxan jartzen dituen garapenerako lankidetza programaren baitan, hainbat dirulaguntza-lerro izango dira: garapenerako sentsibilizazioa eta/edo hezkuntza jardueretarako; Ekintza humanitario/larrialdietarako laguntzak eta tokiko lankide gazteentzako laguntza.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!