Astigarragako Udalak, udalerriko ibaiak eta errekak seinalatuko ditu, «herritarrei erreken inguruko ezagutza transmititzeko eta hauek errazago identifikatzeko». Guztira hiru seinale mota ezarri dira herrian zehar.
Udalak aitortu du, herriko ibai eta errekastoen presentzia «diskretu baina biziak izaera berezia» ematen diotela udalerriari. Gehienak Urumea ibaiaren ibaiadarrak dira. Azaldu duenez, ur-ibilgu gutxi horiek, batzuk herritarragoak direnak Galtzaur ibaia bezala, eta beste batzuk naturalagoak direnak Epele ibaia esaterako, inguruko haranetatik igarotzen dira, «paisaia moldatuz eta ingurunearen oreka ekologikoari lagunduz». Bestalde, «landa-garapenaren lekuko izan dira historikoki, baratzeak ureztatuz, errota zaharrak elikatuz eta bertako flora eta faunari habitata eskainiz», azaldu du udalak. Bere presentzia askotan «oharkabean» pasa arren, inguru honetako gizakiaren eta naturaren arteko harremanaren isla dela gogoratu nahi izan du.
Guzti hau balioan jartzeko pausua izan da seinaleztatzeko plana. Panel hauetan, besteak beste, ingurua interpretatzeko aukera ematen duten gaiak lantzen direla azaldu du, hauen bidez herritar eta bisitariei «kokapena eta ezagutza transmititzeko, ezagutzen ez dena ez baita maitatzen eta zaintzen».
Hiru seinale mota jarri dituzte
Herrian hiru seinale mota jarriko dituzte. Batetik, Astigarragako erreka guztiak irudikatzen dituen panel orokorra jarriko da ibai-parkean. Bestetik, Astigarragan bost erreka multzo bereizi dira eta bakoitzari lotuta panel informatibo bat jarriko da. Eta azkenik, herriko 10 puntutan, errekaren ondoan, bere izena daraman seinaleak jarriko dira.
Seinalazteko planaren gastuak
Lanen gastua 18.924,19 eurokoa izan da eta lanak 2026ko hasieran bukatuta egotea aurreikusten da. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ere izan du Udalak, plan hau Udalei zuzendutako 2030 Agendako garapen jasangarriko helburuak lortzen laguntzen duten jardueren parte delako.