Jai-giro eta gabon kutsua izan zuen Ahober zikloaren amaierak

Libe Murua Masid 2025eko abenduaren 31

Abesbatzak eta bakarlariek itxi zuten zikloa, galaz jantzi zen Astigarragako auditorioan. Opera-koruak eta opera-eszenak txandakatu ziren oholtzan, gabon-kantekin batera. 

 

Eragiyoken gau lirikoak galaz jantzitako auditorio betea izan zuen parez pare. Jai-giro eta gabon kutsua izan zuen Ahober zikloaren amaierak, zeinak abesbatzaren partaidetzaz gain, Ainhoa Lopez de Muain sopranoaren, Josu Cabrero tenorraren eta Henar Fernandez Clavel piano-jotzailearen laguntza izan zuen. Ordu eta erdiz, opera-koruak eta opera-eszenak txandakatu ziren oholtza gainean, gabon-kantekin batera. 

«Funtzio eszenifikatua ez izan arren, koruak eta bakarlariek errealismoa eman zioten interpretazioari», azaldu du Eragiyokek. Ahots grabeetarako Mozarten partitura enblematiko batzuei ederki egin zieten aurre abesbatzako kideek. Eta bakarlariekin batera kantatzen zuten ataletan oso une nabarmenak bizi izan zirela azpimarratu dute taldekideek; eta, bereziki, 'Rigoletto'-ren bi pasarteak nabarmendu dituzte. Eszena hauek txalo zaparrada haundiak jaso zituzten bertaratutakoen aldetik. 

Oholtzan luze eta zabal disdira egin ostean, esker onen txanda etorri zen. Jarraian, bakarlariek Ahoberreko oroigarriak jaso eta gabon-kanten txanda iritsi zen, partehartzaile guztiek beren luzimendurako uneak izan zituzten. 

Modu bikainean agurtu zuten zikloa: 'La traviata' operaren eta brindis bateratuarekin festa-giroa borobiltzeko. Erronkaz beteriko 2026a datorkiela diote abeslariek eta gogoz daude datorrenerako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!