Astigarragako errekak ezagutzera emateko, informazio panelak

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025eko abenduaren 27a

Galtzaur erreka identifikatzen duen panela. Argazkia: Astigarragako Udala

Erreken garrantzia balioan jarri eta haien inguruko ezagutza transmititzea da ekimenaren helburua.

Astigarragako errekei eta errekastoei buruzko informazio pa­nelak jartzen ari da Udala asteotan, haien garrantzia balioan jarri nahian: «Ingurumen balioaz harago, Astigarragako errekak landa garapenaren lekuko izan dira historikoki, baratzeak ureztatuz, errota zaharrak elikatuz eta bertako florari eta faunari habitata eskainiz. Bere presentzia, askotan oharkabean pasatzen dena, inguru honetako gizakiaren eta naturaren arteko harremanaren isla da», nabarmendu dute.

Hori horrela, errekak eta haien kokapena ezagutzeko eta erraz identifikatzeko panelak jarriko dituzte herriko hainbat puntutan. Hiru panel mota izango dira. Batetik, panel orokor bat jarriko dute ibai parkean, Astigarragako erreka guztiak irudikatzen dituena. Bestetik, bost erreka multzo bereizi dituzte herrian, eta panel bana jarriko dute horietako bakoitzari lotuta. Eta azkenik, herriko 10 errekaren ondoan jarriko dituzte haien izena daramaten seinaleak, erreka identifikatzeko.

Panel bakoitzean, gainera, «ingurua interpretatzeko aukera» ematen duten gaiak landuko dituzte: «Seinale horien bitartez, lortu nahi dugu herritar eta bisitariei erreken kokapena eta ezagutza transmititzea, ezagutzen ez dena ez baita maitatzen eta zaintzen», azaldu du Udalak.

Dagoeneko hasi dira panelak jartzen, eta lanak 2026ko hasieran bukatzea aurreikusi dute. 18.924,19 euroko kostua izango dute, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagunduko ditu, udalentzako laguntzen esparruan, 2030 Agendako garapen jasangarriko helburuak lortzen laguntzen duten jarduerak egiteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!