Ez, ez da inuxentada izango. Halaxe adierazi du Jon Goiburu Mundarroko presidenteak, Kronikarekin hitz egitean. 2020an Koronabirusaren ondorioz ezin izan zen normaltasunez antolatu, eta geroztik ez da ospatu Inuxente egunaren bueltan antolatutako lasterketa. Bihar itzuliko da Astigarragako kaleetara, arratsaldeko 17:30etan hasita.
2013an egin zen lehenengo aldiz, Astigarragan, Inuxente Krosa. Urteko azken egunean egiten den San Silvestre lasterketaren alternatiba gisa proposatu zen; «Donostian zein Hernanin San Silvestreak antolatzen direnez, astigartarrek herrian bertan ere urtea modu onean amaitzeko aukera bat emateko». Antolatzaile ezberdinak izan dira urte hauetan: Udala eta herritar talde bat hasi ziren lasterketa antolatzen, eta lehenengo urteen ondoren, Mundarro Kirol Elkarteak hartu zuen testigua. Orain ere, Mundarrok eman nahi dio jarraipena, baina betiere «herriko jendeak lagunduta». Ekarpen honen garrantzia azpimarratu nahi izan du Kirol Elkarteko presidenteak, «herriko jendearen laguntzarik gabe ezin baitira herriarentzako horrelako ekimenak antolatu».
Goiburuk adierazi duenez, lasterketa «herrikoia izango da, ibilbide xamurrekoa, edonork parte hartu ahal izateko eta urtea giro onean eta festan amaitzeko». Kale Nagusiko Peatonalean hasi eta bukatuko den 6 kilometroko ibilbidea izango du lasterketak.
Hiru korrikalari azkarrenek sari berezia izango dute, baina gainontzean ez da denborarik hartuko: «Ez da lehiarako momentua». Hala ere, Mundarroko jokalari guztien artean azkarrenek ere sari berezia izango dutela aurreratu dute antolatzaileek. Jokalariek, beraz, xextra propioa izango dute.
Izena eman behar duten arren, adin txikiko korrikalariek doan izango dute parte-hartzea, 14 urtetik gora. Adierazi dutenez, korrikalari guztiek izango dute saria, ez soilik azkarrenek. Aurretik izena eman ez duten herritarrek, bihar bertan aukera izango dute horretarako, irteera puntuan. Azkeneko edizioan, 2019an, 105 herritarrek hartu zuten parte.