Oso egun berezia izango da biharkoa Hodei Expositorentzat. Esku pelotari astigartarrak bukaera emango dio bere kirol ibilbideari, eta «etxeko giroan» izango du azkeneko partidua: Astigarragako Txomiñene frontoian jokatuko du, arratsaldeko 17:00etan hasita. Xabi Erostarbe izango du bikotekide, eta Asier Agirre eta Ekain Lizeaga herrikidea kontrario. Doakoa izango da partidurako sarrera.
«Nire herrian itxi nahi nuen etapa hau, eta zorionez hala izango da. Eskerrak eman nahi dizkiet Udalari eta Mundarrori, jaialdia antolatzeagatik», adierazi dio astigartarrak Kronikari.
Aitortu du «sentsazio arraroak» dauzkala biharkoari begira: «Txikitatik egin dudan kirol bati bukaera ematea da, esku pelotan hasi nintzen tokian bertan. Baina bestetik, baneukan gogoa etapa hau ixteko, eta nire bidean aurrera egiteko».
Bide berri horretan, «alde batera» utziko du pelota, beste lehentasun batekin: «Aita izango naiz laster, ez dakit gaur, bihar edo hemendik 10 egunera; eta oraintxe nire lehentasun nagusia da etxean egotea, bikotearekin eta umearekin».
Baina atzera begira ere jarri dugu agurraren atarian, eta nabarmendu du pozik dagoela egindako ibilbidearekin: «Kirolak alde onak eta txarrak dauzka, baina zoriontsu izan naiz esku pelotan, eta merezi izan dit etapa hau bizi ahal izateak». Zentzu horretan, kontatu du etxean ez zuela izan pelota munduko inor, baina aitari esker hasi zela: «Futbolean aritua zen bera gaztetan, baina ez zuen nahi ni futbolari izaterik, eta txikitatik sartu zidan pelotaren arra. Eta egia esan, asko zor diot aitari horregatik. Gozatu dut ibilbide honetaz. Etapa gogor batzuk izan dira, baina oso politak ere bai. 18 urterekin izan nuen aukera afizionatu mailako txapelketarik onena irabazteko, Herriartekoa, nire herriarekin. Astigarraga osoak bizitu zuen, pelota asko bizi delako herrian, eta hori izugarria izan zen. Handik gutxira aurrekontratua sinatu nuen Asperekin. Esaten zidaten lasai egoteko, iritsiko zela nire momentua. Baina pandemiarekin dena atzeratu zen, eta sufrimendu latza pasa nuen. Zorionez debutatzea lortu nuen, eta txikitako amets bat betetzea», azaldu du.
2022ko urrian egin zuen debuta, promozioko Lau t'erdikoan; eta semifinaletara iritsi zen torneo hartan. Profesional mailakoa ere «etapa polita» izan da astigartarrarentzat: «Nahiz eta garai mugitu xamarra izan, 18 urte nituenetik aritu naizenez Asperekin entrenatzen, oso harreman estuak egin ditut bertako pelotariekin eta entrenatzaileekin. Alde horretatik, zoriontsua izan naiz. Batzuetan gauzak hobeto atera dira eta besteetan okerrago, baina badakigu kirol mundua horrelakoa dela, eta saiatu naiz pelotaz ahalik eta gehien disfrutatzen».