Igandean jokatuko da Astigarragako Inuxente Krosa, eta dagoeneko eman daiteke izena kiroldegian

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025eko abenduaren 23a

2019an egin zuten Inuxente Krosa azkenekoz.

Sei urteren ondoren berreskuratuko du lasterketa Mundarrok, eta Inuxente egunarekin bat eginez jokatuko dute, abenduaren 28an. 14 urtetik gorakoek hartu dezakete parte.

Inuxente eguna izango da igandean, eta egun xelebrearekin bat eginez berreskuratuko dute urte bukaerako hitzordu berezienetako bat, Astigarragan: Inuxente Krosa jokatuko da abenduaren 28an bertan, sei urteko etenaldiaren ondoren. 2019an izan zen krosa azkenekoz, eta antolakuntzari berriro heltzea erabaki du Mundarro Kirol Elkarteak.

6 kilometroko ibilbidea izango du igandeko lasterketak, 2019ra arte bezalaxe; eta Kale Nagusiko peatonaletik abiatuko dira korrikalariak, arratsaldeko 17:30etan. Herriko kaleetan barrena ibili ondoren, peatonalean bertan izango dute helmuga.

14 urtetik gorako gazte eta heldu guztiek hartu dezakete parte, eta izena emateko epea zabalik dago abenduaren 15etik. Kiroldegian egin daiteke, 5 euroan. Bestela, egunean bertan ere izango da apuntatzeko aukera, irteera gunean.

Aditzera eman dutenez, sari­ak izango dira lasterketako korrikalari azkarrenentzat, eta opa­ri bana emango diete parte­hartzaile guztiei.

2019ko azkeneko edizio hartan, 105 lagunek hartu zuten parte, eta Borja Manchado eta Lorea Aiala izan ziren azkarrenak orduan. Hurrengo urtean, pandemia bete-betean, modu birtualean egin zuten lasterketa, baina ordutik ez dute berriro jokatu. Urtea korrika bukatzeko aukera izango dute astigartarrek eta inguruko herrietakoek berriro, aurtengoan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!