Bihar iluntzean egingo du Astigarragako Udalak, Gabonen atarian, urteko azkeneko Plenoa: udaletxeko areto nagusian, 19:00etan. Bertan, behin betiko onarpena emango diote 2026ko udal aurrekontuari. Azaroko osoko bilkuran talde politiko guztien babesa jaso zuen udal gobernuak aurkeztutako proposamenak, eta alegazio epea igarota eta jasotakoei erantzuna emanda, aurrekontua erabat itxita hasiko du urtea Astigarragako Udalak.
Inoizko aurrekontu haundiena da azaroko Plenoan onartu zutena, 16.867.697,53 eurokoa. Izan ere, orduan azaldu zutenez, ezohiko diru sarrera potoloak izango ditu Udalak 2026an: Aldundiaren foru funtsetik aurten baino 780.842 euro gehiago jasotzea aurreikusi dute; 580.000 euro jasoko ditu Garraio Hiriaren eraikuntzarekin desjabetu zaizkion lurrengatik; milioi bat euroko diru sarrera aurreikusi du Zarkumendegiko partzela baten salmentagatik; eta milioi bat euroko mailegua jasoko du kiroldegia birgaitzeko lanetarako.
Aurrekontuaren behin betiko onarpenaz gain, beste lau gai ere badauzkate lantzeko, biharko Plenoan. Batetik, bozkatuko dute aldaketa egitea 2025eko udal aurrekontuaren dirulaguntzen eranskinean; eta era berean, proposatuko dute aldaketa puntuala egitea dirulaguntzak ematea arautzen duen udal ordenantzan ere. Bestalde, udaleko soldaten igoera ere jarriko dute mahai gainean. Eta azkenik, Klima eta Energiaren aldeko Alkateen Ituna izango dute hizpide.
Plenoa bukatutakoan, gainera, Tokiko Gobernu Batzordearen bilera egingo dute, eta honako gaiak landuko dituzte: Norberto Almandoz plazako azoka txikirako estalkia eraikitzeko bi kontratazio espediente, taxi zerbitzuaren Donostialdeko eremuko hitzarmenaren gehigarria, garapenerako lankidetza programaren dirulaguntzak, eta Udalbiltza Partzuergoarentzako dirulaguntza izenduna.