Ohitura zaharrak ekarri nahi ditu Sagardoetxeak gabonetarako proposamen bezala. Horretarako, bisita gidatua eta dastaketa berezia antolatu ditu abenduaren 6tik hasi eta urtarrilak 6 arte.
Sagardoetxeako bisitan pinuaren apainketa egiten da, usadio zahar bat berreskuratuz. Azaldu dutenez, 1400 urte baino gehiago dituen alemaniar ohitura zahar bat da pinuak sagar eta kandelekin apaintzea, eta gerora etorri omen zen argi zein bestelako apaingarri batzuk erabiltzeko ohitura. Bisitan zehar gabonetako pinua apaintzeko aukera izango dute bisitariek eta sagardo ezberdinekin topa egiteko.
Bisitaz gain, dastaketa berezia ere egingo dute, sagardo ezberdinez lagunduta. Askotariko sagardo motak eskainiko dituzte: sagardo naturala, izotzezko sagardoa eta sagardo aparduna; eta ez da pintxorik faltako. Haurrek ere izango dute dastaketarako aukera muztioarekin.
Jarduera urtarrilaren 6an amaituko da. Asteartetik igandera antolatzen dituzte bisitak, ordu ezberdinetan eta 12 euroko prezioa du helduen kasuan, 7 eta 17 urte bitarteko gaztetxoentzako ordea, 5eurokoa. Erreserbak telefono edota email bidez egin daitezke, eta baita online ere, Sagardoetxearen webgunean.