Ahober zikloari amaiera emango dio bihar Eragiyok abesbatzak, Erriberan

Axier Mendizabal Goñi 2025eko abenduaren 19a

Abesbatzak Castro Urdialesen emandako azken kontzertuan.

Talde astigartarrak Ahober zikloa itxiko du hirugarren ekitaldi batekin. Erribera kulturgunean izango da bihar, arratsaldeko 19:00etan. Kontzertu honetarako,  Ainhoa Lopez de Munain sopranoa, Josu Cabrero tenorra eta Henar F. Clavel pianista arituko dira abesbatzarekin batera.

Ahober zikloaren hirugarren edizioari itxiera emango dio Eragiyok abesbatzak biharko ekitaldian. Ziklo honekin «Astigarragako, inguruko herrietarako eta Gipuzkoako kultur eskaintza handitzea» izan dute helburu eta ahots berdinen errepertorioa zabaldu nahi izan dute. Ehundik gora obra abestu dituzte beren ibilbidean, horietatik laurogei euskal egileenak izanik.

Zikloko hirugarren emanaldia izango da, ekainekoaren eta irailekoaren ondoren. Opera eta zarzuela ezagunen pasarteak interpretatuko dituzte, baita, adierazi dutenez, «zale gehienek ezagutzen dituzten Il Trovatore, Rigoletto, Marina edota La tabernera del puerto moduko obren pasarteak: koruak, bakarlarien ariak eta erromantzak». Gau liriko hau borobiltzeko ez dira gabon kantak faltako.

Abesbatzarekin batera, maila haundiko musikariak izango dira bihar. Ainhoa Lopez de Munain soprano gasteiztarrak hainbat sari lortu ditu jadanik. Hochschule für Musik Hanns Eisler eskolan ari da ikasten, Berlinen. Errepertorio klasikoan Mozart, Beethoven, Bach edota Rossini bezalako musikarien obrak interpretatu ditu eta hainbat pertsonaiaren paperean aritu da operaren esparruan.

Bestetik, Josu Cabrero tenor bizkaitarra izango da. Prestakuntza musikal sendoa du, musika hezkuntzako magisteritza, kantuko eta pianoko titulu profesionalak Rafael Frühbeck de Burgos eta Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioetan, hurrenez hurren, edota Kantuko goi gradua musikenen, besteak beste. Arriaga antzokian, ABAO Bilbao Operan, Oviedoko Oporen eta Iruñeko Baluarten aritu da operako hainbat paper interpretatzen.

Azkenik, Henar F. Clavel asturiar piano-jotzaile gaztea arituko da. 19 urte besterik ez ditu, baina Julián Orbón kontserbatorioan ikasi zuen eta Ikasketa Profesionalen Amaierako saria jaso zuen. Gaur egun, Musikenen jarraitzen du trebatzen Marta Zabaleta pianistarekin batera. Eszenatoki garrantzitsuetan debuta egindakoa da jadanik, esaterako, New Yorkeko Carnegie Hall, Salzburgoko Mozarteum, Bonneko Beethoven-Haus, Erromako Parco della Musica, Vienako Musikverein edota Londresko Royal Albert Hall-en aritu da.

Jon Larrauri Delika Eragiyok abesbatzako zuzendariak gidatuko du ekitaldia.

 

Agurra 2025ari eta ongi etorria proiektuz beteriko urteari!

Ahober zikloa ixteaz gain, urteari ere amaiera emango diote larunbateko kontzertuarekin.  Urtean zehar izandako proiektuen balorazio positiboa egin du taldeak, eta nabarmentzekoak izan dituzte Madrilen eta Castro Urdialesen emandako kontzertuak, Macbeth operan izandako parte hartzea, edo Zaporeak eta ATECE elkarteen alde emandako ongintzazko kontzertuak.

Urtea itxi eta aurrera begira dago jada taldea. Abesbatzak iragarri duenez, 2026an nazioarteko bi jaialditan izango da, Polonian eta Frantzian, Il barbiere di Siviglia opera antzeztuko du eta Valentin Larrea musikariaren 150garren urteurrena ospatzeko egingo den kontzertu sortan parte hartuko du.

 

Ibilbide oparoa

2018an sortu zen ahots grabeen abesbatza. Sorreratik, hirurogeita hamar emanaldi baino gehiago eman eta ehun obra baino gehiago interpretatu ditu. Euskal musika nazioartean zabaldu du, nazioarteko hainbat ekitaldi garrantzitsutan parte hartuz. Adibidez: Festival Cant’A Choeur (Akize, Frantzia, 2022), Rencontres Internationales de Voix d’Hommes (Chatel-Guyon, Frantzia, 2022), Encuentro de Voces Graves (Segovia, Espainia, 2023), 26. Cantigos in Carrela (Santu Lussurgiu, Sardinia, 2024), Certamen Internacional de Habaneras y Polifonía (Torrevieja, Espainia, 2024), XIII. Voces Amigas (Madril, Espainia, 2025) eta XXXIX. Otoño Musical (Castro Urdiales, Espainia, 2025).

Euskal Herrian ere hainbat jaialditan parte hartu du, besteak beste, Antxon Sierra Oroituz (Donostia, 2020), Nazioarteko Otxoteen jaialdia (Portugalete, 2020), Musikaste (Orereta, 2021), Otxoteen jaialdia (Kanbo, 2021 eta 2022), Musika Hilabetea (Mutriku, 2022), Ahots-Musika Topaketak (Basauri, 2022), Pablo Sorozabalen Omenezko Zikloa (Donostia, 2022), 39garren Eliz-Musika Zikloa (Hondarribia, 2023), XXVII. Aita Donostia Aste Musikala (Donostia, 2024), 46 Musikegunak (Oñati, 2024).  Horiez gain, Irungo Luis Mariano Lirika Elkartearekin bost opera antzeztu ditu: Nabucco (2019), Rigoletto (2022), La fille du régiment (2022), Il Trovatore (2024) eta Macbeth (2025). Ahober ahots berdinen abesbatza zikloa antolatzen du Astigarragan 2023tik.

Ibilbidean zehar lehen saria lortu du taldeak bi lehiaketatan: Oreretako 72. Gabon Abesti Sariketa Probintzialean, 2018an, eta Bartzelonako 56. Festival Internacional de Cant Coralen, 2021ean.

Kontzertuko sarrera doakoa izango da. Gonbidapenak Astigarragako Udalaren webgunean edo Erribera Kulturgunean bertan eskuratu daitezke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!