Ez diote nolanahiko bukaera emango Ahober ahots berdinen zikloari, larunbat honetan: kontzertu berezia eskainiko du Eragiyok abesbatza astigartarrak, Ainhoa López de Munain sopranoarekin eta Josu Cabrero tenorrarekin batera, Henar F. Clavel piano-joleak lagunduta. Iluntzeko 19:00etan hasiko da «gau liriko» gisa definitu dutena.
Izan ere, opera eta zarzuela ezagunen pasarteak eskainiko dituzte elkarrekin. «Zale gehienek ezagutzen dituzten obren pasarteak izango dira, besteak beste 'Il Trovatore', 'Rigoletto', 'Marina' eta 'La tabernera del puerto' obrenak: koruak, bakarlarien hariak eta erromantzak, baterako obrak...». Eta noski, egun seinalatuak gain-gainean ditugunez, ez dira faltako Gabonetako abestiak ere.
Doakoa izango da kontzerturako sarrera, baina gonbidapena eskuratu behar da aldez aurretik: Astigarragako Udalaren webgunean (astigarraga.eus) edota Erribera kulturgunean bertan.
Ez dira nolanahiko hiru kide, Eragiyokek ondoan izango dituenak. López de Munain soprano arabarrak hainbat sari lortu berri ditu, eta une honetan Berlingo Hochschule für Musik Hanns Eisler eskolan ari da ikasketak bukatzen. Cabrera tenor bizkaitarrak, berriz, hainbat paper interpretatu ditu Arriaga Antzokian, ABAO Bilbao Operan, Oviedoko Operan eta Iruñeko Baluarten. Eta Claver piano-jole asturiarrak nazioarteko hainbat sari lortu ditu, eta oso eszenatoki garrantzitsuetan aritu da: New Yorkeko Carnegie Hallen, Salzburgoko Mozarteumen, Bonneko Beethoven-Hausen, Erromako Parco della Musican, Vienako Musikvereinen eta Londresko Royal Albert Hallen.
Larunbatekoarekin emango dio bukaera urteari Eragiyokek, eta dagoeneko aurreratu ditu 2026rako hainbat zita garrantzitsu: nazioarteko bi jaialditan ariko da Polonian eta Frantzian, 'Il barbiere di Siviglia' opera antzeztuko du, eta Valentin Larrea musikariaren 150garren urteurrena ospatzeko kontzertu sortan hartuko du parte.