Film bana egongo dira gaur ikusgai Astigarragako Erribera kulturgunean. Batetik, haurrentzako Barrakudaren altxorra filma ikusi daiteke, arratsaldeko 16:30etan. Bestetik, Paul Urkijoren azken lana proiektatuko da: Gaua, arratsaldeko 19:00etan.
Haurrentzako filma bi euroren truke ikusi ahal izango da eta helduena berriz, 5 eurotan. Bi pelikulak euskaraz izango dira, baina Gauak gaztelaniazko azpitituluak izango ditu.
Gaua, Urkijoren hirugarren lan luzea
Beldur eta fantasiazko filma da Gaua, Paul Urkijoren hirugarren film luzea. Proiekzioan presente daude besteak beste, sorginak, deabruak, akerrak eta akelarreak. XVII. mendean kokatzen den istorioa da, non sorgin ehiza betean, Kattalin protagonistak senarrarengandik ihes egiten duen. Gauaren erdian baserritik alde egin eta basoaren belztasunean murgiltzen da. Galduta sentitzen da eta haren atzetik dabilen presentzia sentitzen du.