Txakurjabeei «baldintzak betetzeko» eskaera egin die Astigarragako Udalak, «arazoak saihesteko»

Andoni Rekondo Izagirre 2025eko abenduaren 8a

Azken egunetan txakurjabe batzuen jarrerarekin lotutako kexak sortu dira, eta baldintzen gogorarazpena argitaratu du Udalak.

 

Azken asteetan txakurrekin eta txakurjabeekin lotutako zenbait kexa iritsi dira Astigarragako Udalera. Egoera horren arurean, udal ordenantzako baldintzak gogorarazi ditu Udalak, «elkarbizitza arazoak saihestu eta bizikidetza erosoa eta egokia lortzeko».

Hiru baldintza nagusi errespetatu behar dituzte txakurjabeek: txakurrak kontrolatuta eta lotuta joatea, txakur-kakak eremu publikoetatik jasotzea eta, arriskutsu gisa katalogatuta daudenen kasuan, muturrekoaren erabilera.

Txakurrentzako gune itxiak, hainbat auzotan

Astigarragan badaude txakurrak aske ibiltzeko propio sortutako eremu itxiak. Zehazki, prestatutako lau eremu daude: Ergobia auzoan, Portutxon (makina bio-osasungarrien ondoan), Izaskun kalean eta Ibai parkean. Azken hau, gaur gaurkoz, itxita dago, tren geltoki berriko pasarelaren obrak direla eta. Eremu horietan ere beharrezkoa da gorotzak jasotzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!