'Eros eta Afroditaren aitortzak' lana eskainiko duzu Erriberan. Izenburuak adierazten digu intimoa dela azken ikuskizuna.
Izenburua iradokitzailea da, bai; eta hori nahita egin dugu. Normalean izenburua prozesua aurreratuta dagoenean etortzen da, eta askotan eraldatu egiten da bide horretan, baina kasu honetan, hasiera xamarretik izan nuen argi. Ez dakit zehazki zergatik, bi pertsonaia nagusiak ez direlako Eros eta Afrodita, baina egokitzat jo nuen. Iradokitzailea da eta adierazten du nondik joan daitekeen. Gai nagusia sexu aniztasuna da, eta gaiari buruzko aitortzak egiten dituzte pertsonaiek.
Gai zabala da sexu aniztasunarena.
Horregatik mugatu behar izan dugu zertxobait. Guk fokua jarri dugu harreman heterosexual monogamoak ez diren esparruetan. Asko dago arakatzeko eremu zabal horretan. Protagonistek euren alderik intimoenean gordetzen dituzten gauzak adieraziko dituzte: beldurrak, frustrazioak, ezinegonak, desirak... Askotan gertukoenekin ere partekatzen ez ditugun kontuak dira lantzen ditugunak.
Antzerkia ez ezik, musikaren presentzia ere nabarmena da.
Umorezko tonua erabili dugu gaia lantzeko, gure buruari parre pixka bat egiteko asmoz. Musikala denez, kantuek leku haundia izango dute oholtzan. Gainera, abesti originalak dira guztiak, emanaldirako espreski idatziak. Jendea dibertituko da, baina zer pentsatua ere emango dio ikusten duenak.
Aipatu dituzun osagaiak (sexu aniztasuna, musikal formatua...) erabili izan dituzu aurreko ikuskizunetan. Zure marka propioaren parte dira?
Bai, bai, argi eta garbi. Kuriosoa da: nik Elur Etxea proiektua martxan jarri nuenean, ez nekien hala izango zenik. Gerora joan naiz konturatzen, modu batera edo bestera, beti bueltatzen naizela benetan gustuko ditudan gauzetara. Horien artean dago edukia, beti ikuspegi ezberdin batetik landua, eta baita forma ere, musikak eta dantzak beti hartzen duelako tartea. Hori da gure marka.
Zuzeneko musikaz gain, antzerkirako kide bat duzu oraingoan.
Horixe da aldaketarik haundiena, zalantzarik gabe. Oraingoan hiru pertsona egongo gara oholtza gainean: bi aktore eta musikari bat. Ekoizpenetik hasita, aldaketa nabarmena izan da, haunditu eta konplexuago bilakatu delako. Bi aktore izanik, gure arteko elkarrizketan oinarritzen da funtzioa, eta horrek beste dinamismo bat ematen dio gure proposamenari.
Kontu intimoak landu dituzuela diozu. Zein izan da publikoaren erantzuna?
Urrian estreinatu genuen musikala, eta hirugarren emanaldia izango da gaurkoa. Oraindik forma hartzen ari da gure proposamena, baina oraingoz oso harrera ona izan du. Horrek asko pozten eta lasaitzen nau. Intimitatearen harira, jende asko gerturatu zaigu esatera zein landua dagoen guztia. Zer pentsatua ematen saiatu gara, eta hori lortzeko apropos sartu ditugu osagai batzuk. Fikziozko pertsonaiak dira Josu eta Eneritz, baina izan zitezkeen benetakoak. Bizi dituzten gauzak oso ohikoak dira, eta jende asko identifikatuta sentitu daiteke. Gure buruari onartzen ez dizkiogun gauzak entzuten ditugunean, zartakoa izan daiteke, baina ondo hartu du jendeak.
Badira urte batzuk irratia uzteko apustua egin zenuenetik. Nola doa zure ibilbidea?
Inpultso bati jarraika sartu nintzen mundu honetara, eta, zorionez, luzatzen ari da. Irratira ez itzultzeko erabakia izan zen gakoetako bat, eta orain aurrerapausoak ematen nabil. Erronka haundia izaten ari da, ardurak eta buruhausteak goraka doaz, baina ederra da bidea. Argi daukat egindako apustuarekin aurrera jarraitu nahi dudala, ez daukat helmugarik, eta ikusiko dugu noraino heltzen naizen. Momentuz, ez naiz damutu hartutako erabakiaz, baina badakit ez dudala biderik errazena aukeratu. Nik nahi dudan bidea egiten ari naiz, eta horrek sekulako poza ematen dit.