Arratoiak akabatzeko kontratatutako zerbitzua indartu du Udalak

Iñigo Goñi Iradi 2025eko abenduaren 3a

Tranpak jarri dira pasa den astelehenetik aurrera eta seinalizatuak egongo dira, haurren edo animalien arriskuak saihesteko.

 

Azken urteetan arratoien presentziaren salaketa asko egin dira eta errealitate hori eskualdeko herri eta auzo askotan gertatu da. Astigarragan ere arazoa bistakoa da eta Udalak neurriak hartu ditu, kaleetan arratoiak daudela abisua jaso eta gero. «Deserotasun nabarmena sortzen du herritarren artean» eta konponbidea jarri nahi du. Horretarako, arratoiak akabatzeko zerbitzua indartu da. 

Kontratatuta du zerbitzua Udalak eta ohiko zerbitzua sendotu du. Pasa den astelehenetik aurrera tranpak jarri dira herriko hainbat gunetan, karraskariekin amaitzeko. 

 

Arratoein hazkundea nabaria izan da eskualdean

Arratoiak hiltzeko zerbitzua aspalditik dabil lanean eta astero jendeak egiten dituen abisuei erantzuten die. Astero-astero eskaintzen du zerbitzua, baina azkenaldian eskualdeko hazkundea nabaria izan da, eta zerbitzua indartzea beste aukerarik ez zaie geratu. 

Karraskariekin akabatzeko metodoa pozoiarena izaten da, baina neurri horrekin kontu haundiz ibili behar da. Pozoia leku ezkutuetan utzi behar da, haurren, txakurren edo beste animalia batzuen arriskuak saihesteko.

Astelehenetik aurrera tranpak ere jarri dira arratoiak gehien ikusi diren lekuetan. Modu egokian itxiko dira eremuak, eta seinaleak jarriko dira jendea guneetara ez hurbiltzeko eta seinaleetako jarraibideak betetzeko eskatzen zaie herritarrei. 

Emaitzak lortuko ez balira, Udalak beste indartze plan bati ekingo lioke.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!