Balentria lortu du Eñaut Lizeaga astigartarrak Euskal Selekzioarentzat, urrea irabazi eta gero, Bilbon jokatutako pelotako Nazioen Ligan, Buruz Burukoan. Espainiaren aurka, finalari buelta eman zion Mundarroko esku pelotariak, benetan zail jarri zitzaion partiduan.
Espainia ordezkatuz Fermin Arribillaga nafarrak jokatu zuen, eta lehenengo seta 4-10 irabazi zuen. Bigarren seta emaitza berdinarekin amaitu zen, baina Lizeagaren alde, 10-4. Urrea eta zilarra azken setean erabaki ziren. Lizeaga 3-0 aurreratu zen, baina egoera zail bati egin behar izan zion aurre. Mikel Lana Espainiako hautatzaileak, Arribillaga ordezkatu zuen Oscar Lerenarengatik. Hala ere, ongi eutsi zion Lizeagak erronkari, eta 5-1 irabazi zuen set erabakigarria, eta urrea kolkoratu zuen.
Urrea bezain haundia izan zen igandean Astigarragan jaso zuen aitortza eta harrera. Mundarroko pelota taldeko lagunez inguratuta, sariak eta hitz politak bata bestearen atzetik jaso zituen.
Brindisa eta esker hitzak
Lehendabizikoak anai-arrebak izan ziren. Txapela eta domina berriz ere jantzi zioten. Mundarroko Jon Goiburu ordezkariak esan zuen bezala, «hau historikoa da». Agurrarekin jarraitu zuen omenaldiak Astigarreko dantzariekin, eta Asier Saralegi bertsolari astigartarrak bi bertso eskaini zizkion. Larunbateko finaleko argazki-oroigarria jaso zuen eta Udaletik, Xabier Urdangarin alkateak esker hitzak izan zituen. «Pelotari ona dela badakigu, txapela asko irabazitakoa dela ere bai, baina larunbatean sortu zigun zirrara berezi horrek hitz bakarra iradoki zidan, harrotasuna».
Jon Goiburuk ere esker hitzak izan zituen. «Txapela hau garrantzitsua da Mundarroko gaztetxoentzat. Ekain eta Hodei bezala, Eñaut ere erreferente bihurtu da. Pelota bizirik dago Astigarragan eta ea mantentzen dugun».
Nola ez, ekitaldia Eñauten hitzekin amaitu zen sagardo brindisaren aurretik, «astebetean Eñaut sagardorik gabe eduki baitute», zioen Goiburuk umorez. Eñautek animoak eskertu zituen: «Eskerrak eman nahi dizkiet frontoian izan zirenei, baita telebistan ikusi zutenei ere. Txapela eskaintzen dizuet, zuek gabe ez zuen baliorik izango».