Haurreskolak eta Herri Eskolak ospakizun bereziak bihar, Euskeraren Egunaren ildotik

Iñigo Goñi Iradi 2025eko abenduaren 2a

Kantuan, musikaz gozatzen eta ipuin kontaketan arituko dira.

Astigarragako Herri Eskolak eta Kiriketa Haurreskolak ere ez dira atzean geratuko Euskeraren Nazioarteko Egunean eta ospakizun bereziak izango dituzte bihar.

Kiriketa haurreskolan euskal musikaz girotuko dute eguna eta Herri Eskolak egitarau zabalagoa prestatu du. Egun osokoa izango da eta GO!AZEN telesailaren bidea jarraituko dute. Ikasleen artean telesailak duen arrakasta ikusita, Gure lema abestia abiapuntu hartuta prestatu dituzte egin beharrekoak.

Goizez ikaslagun taldeak elkartuko dira elkarrekin jolasen bat egin, ipuina kontatu edo kantuan aritzeko. Ondoren, Euskeraren Nazioarteko Egunaren ekitaldi nagusia egingo dute patioan: LH6-ko ikasleak izango dira egitarauari hasiera emango diotenak poema bat irakurriz eta beraiek osatutako bertsoak abestuz.

Jarraian, eskolaren aldarria entzungo da. Bukatzeko, LH4ko ikasleek moldatutako Gure lema abestiaren koreografia ikaslagunekin dantzatuko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!