Errenta pertsonalaren azterketak hainbat datu deigarri eta esanguratsu azaleratu ditu. Horietako bat da, 250 udalerri aberatsenen zerrendan, %45a direla Hego Euskal Herriko udalerriak. Eta zerrenda horretan ageri da Astigarraga ere. 1.000 biztanletik gorako udalerriekin osatu du zerrenda INEk (Instituto Nacional de Estadística).
Zerrenda horretan, aurreneko postuetan ere nabarmena da Hego Euskal Herriko udalerrien presentzia. Aurreneko 25en artean, zortzi dira bertakoak, bereziki Bizkaikoak: Laukiz, Getxo, Maruri-Jatabe, Loiu eta Barrika ageri dira bertan. Gipuzkoako bakarra Donostia da 25 aberatsenetan, eta Arratzua-Ubarrundia eta Zigoitia arabarrak dira beste bi udalerriak. Donostia da 25eko zerrendako hiriburu bakarra, eta beraz, Espainian errenta pertsonal altuena duen hiriburua.
Gipuzkoako beste hainbat herri ageri dira aurreneko 50etan (Ormaiztegi, Oñati, Hondarribia, Antzuola eta Idiazabal), eta are gehiago 100 aberatsenetan (Bergara, Zarautz, Aretxabaleta, Getaria, Deba, Zumaia, Berastegi, Tolosa, Arrasate eta Elgoibar). Atzerago ageri da Astigarraga, 100 eta 250 postuen artean.
Estatu osoan, Madrilgo Pozuelo de Alarcón da errenta pertsonal altuena daukan udalerria, 30.524 euroko batazbesteko errentarekin. Sekulako aldea dauka bigarrenarekin, Bartzelona Matadeperarekin (26.720 euro); eta hirugarrenarekin, Madrilgo Boadilla del Monterekin (26.668 euro). Laukiz da laugarrena, eta Hego Euskal Herriko aberatsena, 1.000 biztanletik gorako udalerrien artean. 25.434 euroko batazbesteko errenta pertsonala dauka udalerri bizkaitarrak.
Madrilgoak eta Bartzelonakoak dira podiuma osatzen duten udalerriak, eta aurreneko 25etan ere protagonismo nabarmena daukate. 25etik bederatzi dira Bartzelonakoak, eta zortzi Madrilgoak.
Gauzak horrela, beste erkidego eta probintzientzako lekurik ez dago goiko postuetan: EAEko hiru probintziak, Bartzelona eta Madril dira ordezkatutako bakarrak. Nafarroako udalerri bakarra ageri da lehenengo 50etan (Iza), eta beste lau aurreneko 100etan (Deierri, Ultzama, Aranguren eta Zizur).
Nafarroako 5 udalerri txikik, errenta pertsonal altuena
Sailkapen horretatik kanpo geratu dira, ordea, errenta pertsonal oso altua duten udalerriak, 1.000 biztanlera iristen ez direnak. Horrela, oso adierazgarria da Nafarroako bost udalerri txiki direla Hego Euskal Herrian errenta pertsonal altuena daukatenak: Villamayor de Monjardín (30.242 euro), Izagaondoa (28.682 euro), Biurrun-Olkotz (27.738 euro), Goñi (26.251 euro) eta Oloritz (25.968 euro).