Atzo arratsaldean egin zuen azaroko Plenoa Astigarragako Udalak, ezohiko ordutegian; 17:30etara aurreratuta, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguneko ekitaldiarekin bat egiteko.
Luze jo zuen Plenoak, eta izan zen eztabaidarik alderdien artean, baina ez eguneko puntu nagusienean: aho batez onartu zen, ohi ez bezala, 2026rako udal aurrekontua. 16.867.697,53 euroko aurrekontu proposamena aurkeztu zuen EH Bilduren udal gobernuak, eta EAJren eta PSE-EEren babesa jaso zuen. Aurrekontu horretan, oposizioko bi alderdien hainbat emendakin txertatu ditu udal gobernuak, eta horrekin «pozik» agertu ziren jeltzaleak eta sozialistak.
Hainbat ezohiko diru sarrera potoloren ondorio da aurrekontuaren haunditzea. Batetik, 7.364.724 eurokoa da 2026rako aurreikusitako foru funtsaren zenbatekoa, 2025ean baino 780.842 euro haundiagoa. Bestetik, 580.000 euro jaso beharko ditu Udalak Garraio Hiriaren erakuntzarekin desjabetuko zaizkion lurrengatik. Gainera, milioi bat euroko mailegua jasoko du kiroldegia birgaitzeko lanetarako, eta beste milioi bat euroko diru sarrera aurreikusi du Zarkumendegiko partzela baten salmentagatik.
Diru sarrerak haundituta, bereziki inbertsioen partida haundituko du Udalak: 4.124.500 euro bideratuko ditu horretara, 2025ean baino 2.651.500 euro gehiago.
Udal aurrekontuari buruzko xehetasun guztiak emango dituzte gaur, prentsaurrean egingo duten aurkezpenean.
Kiroldegia birgaitzeko eta haunditzeko kontratazio lehiaketa, martxan
Gai garrantzitsua izan zen Plenoan, baitare, kiroldegia birgaitzeko eta haunditzeko lanei dagokiena. Horretarako kontratazio espedientea onartu zuten aho batez, eta gaur argitaratu da lehiaketarako deialdia. Horrela, 2026ko urtarrilaren 16ra bitarte izango da proposamenak aurkezteko aukera, gehienez ere 8.224.536,32 euroko aurrekontuarekin: 5,7 milioi euro pasatxo exekuzio materialerako, ia 1,1 milioi euro gastu orokorretarako eta irabazi industrialerako, eta ia 1,43 milioi euro BEZa.
23 hilabeteko epea izango da obrak gauzatzeko, baina 18 hilabeteko epean erabilgarri egon beharko du kiroldegiko beheko aldeak. Goiko sarrera eta fitness eremua geratuko dira azkeneko 5 hilabeteetan bukatzeko.
Kiroldegiko obrekin lotuta, gainera, konpromiso kredituak ere onartu zituen Udalak atzokoan, aho batez.
Arreta Zerbitzua sortuko du Udalak, Norberto Almandoz plazan
Nobedade garrantzitsu bat ere aurkeztu eta onartu zuen Udalak atzoko Plenoan: Arreta Zerbitzua jarriko du martxan, egungo arreta puntuak berrantolatu eta bateratzeko, gune zentralizatu batean. Asmoa da hori izatea udal zerbitzu guztien lehenengo arreta gunea, aurrez aurre, telefonoz zein telematikoki.
Norberto Almandoz plazan kokatuko dute, Gure Izarra elkartearen ondoan egiten ari diren eraikin berriaren beheko pisuan. Izan ere, Udalarena izango da lokal hori, obrak bukatutakoan.
Aho batez onartu zuten Arreta Zerbitzua sortzea, eta baita 2026rako lanpostu zerrenda eta plantilla organikoa ere, segidan. Hain juxtu, zerrenda horretan nobedade nagusia izango dira Arreta Zerbitzurako bi administrari lanpostu berriak.
2026rako zerga ordenantza, behin betiko onartuta
Plenoaren hasieran, bestalde, bi puntu onartu zituzten. Batetik, aldaketa bat egingo dute 2025eko udal aurrekontuaren dirulaguntzen eranskinean, aho batez hala erabakita: 13.042,46 euroko dirulaguntza izenduna txertatu dute Udalbiltzaren Geuretik Sortuak programarentzat. Horren baitan, antzezlana landu eta sortu dute Erribera kulturgunean azkeneko hilabeteotan, eta urtarrilaren 13an estreinatuko dute, Erriberan bertan.
Eta bestetik, behin betiko onartu zuten 2026rako zerga ordenantza, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin, eta PSE-EEren abstentzioarekin. Hasierako proposamenari gehitu dizkiote Astiko elkarteak, Udaleko kirol teknikariak eta EH Bilduk egindako alegazioak, eta atzera bota dituzte gainerakoak.
EH Bilduren mozioa eta Euskeraren Eguneko adierazpena, onartuta
Mozioen atalean izan zen eztabaida Plenoan. EAJk aurkeztu zuen aurrenekoa, «gobernu onaren, gardentasunaren eta informazio eskubidearen alde», EH Bilduren udal gobernuaren jokamoldea salatuz. Mozioari puntuz puntu erantzun zion Xabier Urdangarin alkateak Plenoan, eta kontrako mozioa ere aurkeztu zuen EH Bilduk segidan, adieraziz «inoiz baino informazio gehiago» helarazten diela Udalak herritarrei gaur egun, eta nabarmenduz azkeneko urteotan gardentasunaren eta informazio eskubidearen esparruan eman dituzten urratsak. EH Bilduren mozioak egin zuen aurrera, eta onartu gabe geratu zen EAJrena. Bi kasuetan, abstenitu egin zen PSE-EE.
Ondoren, Euskeraren Nazioarteko Eguneko adierazpen instituzionala aurkeztu zuen EH Bilduk, 'Euskara zugan, nigan, gugan' izenburupean. Aho batez onartu zuten.
Autobus linea berria, unibertsitatera eta ospitalera
Plenoko gaiak bukatuta, hainbat berri iragarri zituen alkateak. Batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Sailaren iragarpena izan zuen hizpide. Azaroaren hasieran jakinarazi zuen autobus linea berri bat sortuko duela Astigarragatik unibertsitatera eta ospitalera. Horren berri izan zuenean, Aldundiarekin harremanetan jarri zen Udala, bereziki jakiteko horrek eraginik izango ote zuen Astigarragako beste bi autobus lineetan; baina ziurtatu diotenez, horietan ez da murrizketarik izango.
Bestetik, alkateak azaldu zuen hastear direla aldiriko tren geltokiaren obrak, eta dagoeneko martxan direla euskaltegikoak.