Astelehenetik hondakinak modu jasangarrian kudeatzearen beharraz kontzientziatzen dabiltza astigartarrak Hondakinen Prebentziorako Europako astearen baitan, «murrizketa, konponketa eta berrerabilpena sustatuz», aitortu du Udalak.
Astelehenetik izan dute aukera astigartarrek liburuen, komikien eta pelikulen gomendioen txokoaz gozatzeko Erriberan, eta 28ra arte egongo da bertaratzeko aukera. Horrez gain, Astigarragako ibaietan jasotako hondakinen erakusketak 28ra arte iraungo du, Kontxa Etxeberria plazan.
Bihar, berriz, Astigarragako Herri Eskolan Lehen Hezkuntzako 6garren mailako ikasleekin kontsumo arduratsua eta hondakinak prebenitzeko tailer didaktikoaren azken saioa egingo dute. Eta Hondakinen Prebentziorako Europako asteari amaiera emateko 'Modernoak' izeneko kale ikuskizuna ekarriko dute Astigarragara, Zirika Zirkusen eskutik. Arratsaldeko 17:00etan izango da Kontxa Etxeberria plazan. Eta ondorengoa kontatzen du antzezlanak: «Beti esan digute modernoa izatea modak agintzen duena janztea zela,gehiengoak esaten duen bezala pentsatu eta sentitu, baina... #modernoak taldeak argi dauka!!Izaera onena norberak berea, izan zaitez zu. Denok ezberdinak garelako, aniztasuna errespetatzea dute helburu. Zaintza eta maitatzeko askatasuna. Zaindu zure burua, zaindu laguna eta mundua; murriztu, berrerabili, birziklatu eta Ama lurra maitatu».