A* Elkar zainduz prozesuaren lehen topaketa irekia ostegunean izango da

Iñigo Goñi Iradi 2025eko azaroaren 23a

Prozesuaren aurkezpeneko argazkia.

Erriberan 17:30etan hasiko da eta Astigarragan zaintzari buruz egin berri den diagnostikoari buruzko gogoeta egingo da, eta herrian dauden beharrak eta lehentasunak jasoko dira.

Irailean hasi zen A* Elkar zainduz prozesua Astigarragan. Prozesuaren eskutik, zaintza-mahai bat eratu da, bertan zaintzari buruz zeresana duten hainbat eragilek, herritarrek, entitatek eta erakunde publikok parte hartzen dute. Zaintza-mahaia osatzeaz gain, herritarren artean galdetegi bat zabaldu eta hainbat elkarrizketa egin dira. Hori guztia, Astigarragako zaintzari buruzko argazki bat lortzeko, hau da, herriaren diagnostiko bat.

Diagnostiko horretan hainbat ondorio nagusi atera dira, eta horiek partekatuko eta hausnartuko dira ostegunean Erriberan herritarrekin egingo den lehen topaketa irekian eta horrekin batera, zenbait behar eta lehentasun definituko dira. Hau da, «azaroaren 27ko topaketan elkar entzungo dugu, abiapuntu komun bat ezarri eta tokiko beharrak, lankidetza-aukerak, ahuleziak eta indarguneak identifikatuz».

Hori garatzeko, saioan azalpen labur baten ondoren hainbat dinamika egingo dira taldeka, gogoetak amankomunean jarri eta galderak egiteko tartea egongo da. Saioari amaiera goxoa emateko mokadutxoa eskaniko da parte hartzaileen artean. Saioak ordu terdiko iraupena izatea aurreikusten da, 17:30etan hasita, eta itzulpen- eta zaintza-zerbitzuak eskainiko dira.

Herritarren parte-hartzea ezinbestekoa da aipatutakoa gauzatzeko eta zaintzaren gaian aurrerapausuak eman ahal izateko. Hori dela eta, herritar guztiak parte hartzera gonbidatzen ditugu, azken batean, zaintza guztion bizitzetan, uneren batean, presente dagoen zerbait da.

 

Hurrengo urratsak

Otsailaren 5ean egingo den bigarren topaketa irekian, hainbat esperientzia inspiratzaile ekarriko dira, lehen topaketa ireki honen ondoriozko beharrei eta lehentasunei nola erantzun pentsatzeko. Azkenik, prozesuan ateratakoarekin ekintza-plan bat egitea da helburua, eta, hori aurkezteko, hirugarren topaketa ireki bat egingo dugu martxoaren 26an. Prozesuan zeharka dagoen beste helburuetako bat udalerrian zaintza-sare bat sortzea da, hori 2026ko udaberrian, A*Elkar zainduz prozesua amaitzen denean, martxan jarriko litzateke. k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!