EAJ-PNVk proposatu ditu 486.000 euroko hobekuntzak aurrekontuan

Iñigo Goñi Iradi 2025eko azaroaren 22a

Maria Otaegi, EAJ-PNVko bozeramaile eta zinegotzia.

Talde jeltzaleak zuzenketak aurkeztu ditu parte-hartzea, segurtasuna, berdintasuna, tokiko merkataritza, gazte kultura eta trantsizio energetikoa hobetzeko; eta kezka agertu du gastuen %12,59ko igoerarekin eta etxez etxeko arreta zerbitzuan egindako %23,61eko murrizketarekin.

 

Astigarragako EAJ-PNVk «zehatz-mehatz» aztertu du EH Bilduren Udal Gobernuak 2026rako aurkeztutako aurrekontuen zirriborroa, eta «hainbat gabezia antzeman ditu», bere ustez «zuzendu beharrekoak, kontuek benetan herritarren beharrei erantzuteko». Horregatik, talde jeltzaleak 486.000 euroko zuzenketak aurkeztu ditu, inbertsioen eta laguntza-lerro berrien artean, «aurrekontua nabarmen hobetzeko».

Udal Gobernuak proposatutako zirriborroak %12,59ko igoera aurreikusten du 2025arekin alderatuta, hau da, 1.658.262,32 euro gehiago. Hazkunderik haundiena langileen gastuetan izan da: 454.000 euro gehiago, iaz baino %13,37 gehiago. Funtzionamendu-gastuak eta dirulaguntzak ere nabarmen igo dira, 600.000 euro gehiago, 2025ean baino %36 gehiago.

Jeltzaleen ustez, «beharrezkoa da gastu arruntaren igoera horrek astigartarrentzat hobekuntza argiak ekarriko dituen aztertzea». Era berean, ohartarazi dute Udal Gobernua
foru ekarpenaren igoerara ohitzen ari dela, eta testuinguru ekonomikoa aldatzen bada arazoak sor daitezkeela udal-kutxetan. «Hori gertatuz gero, herritarrentzat ondorio zuzena zergen eta tasen igoera izango litzateke. Horregatik, kezkaz begiratzen diogu gastu arruntaren etengabeko hazkundeari», adierazi dute.

 

Aurkeztutako zuzenketen artean honakoak nabarmentzen dira

Gardentasuna eta herritarren parte-hartzea: udal osoko bilkuren grabazioa eta streaming bidezko emisioa gaitzea; Bide-segurtasuna: 2015 eta 2019 artean Udal Gobernu jeltzaleak hasitako radarrak instalatzeko proiektua berreskuratzea; Berdintasuna: Hezkidetza Plana martxan jartzea eta Emakumeen Kontseilua sortzea; gainera, Madejas elkarteari bideratutako partida handitzea, murriztu egin baita; Gazteria eta kultura: ikus-entzunezko baliabideekin hornitutako Gazteentzako Kultur Fabrika bultzatzeko azterlan bat egitea; Gizarte zerbitzuak: etxeko arretaren partidan egindako %23,61eko murrizketa lehengoratzea, gutxienez 2025eko mailara itzuliz; Tokiko merkataritza eta autonomoak: merkataritza txikiari eta ostalaritzari zuzendutako laguntza-lerro berri bat sortzea, digitalizazioa, energia berriztagarriak, irisgarritasuna, belaunaldi-erreleboa eta proiektu berriak sustatzeko; Trantsizio energetikoa: energia berriztagarriak eta eraikinen isolamendu-lanak bultzatzeko laguntza berriak ezartzea; Kirola eta bizitza aktiboa: rokodromoa eta saskibaloi-saskia bezalako kirol-ekipamenduak instalatzea kultur-etxe zaharraren eta Anuskaren inguruan; Ingurumena: Erriberan lorategi bertikal bat sortzea eta SUDS azpiegiturak (Hiri Drainatze Jasangarriko Sistemak) garatzea; Mugikortasuna: herriko autobus-zerbitzuari egiten zaion ekarpena haunditzea, haren ezarpenerako konpromiso erreal bat erakusteko; Adinekoak: mendekotasun-egoeran dauden pertsonentzako egoitza bat Astigarragan eraikitzearen bideragarritasuna aztertzea, horretarako partida espezifiko bat txertatuz.

Azken proposamen honen harira, adierazi dute adinekoen populazioa etengabe haunditzen ari dela, eta familia askok beste udalerri batzuetako egoitzetara joan behar dutela, «etxean ezin dituztelako beharrezko zaintzak bermatu. Horregatik, jeltzaleek ezinbestekotzat jotzen dute Astigarragak bere aukerak aztertzea eta baliabideak horretara bideratzea».

Era berean, “Zubieta Bizirik” finantzatzen duen partida kentzea proposatzen da; «izan ere, egitura politiko horrek urteak daramatza hondakinen kudeaketaren inguruan jarrera ideologizatu eta sektario bat sostengatzen, Astigarragako birziklatze-tasetan inolako hobekuntzarik ekarri gabe».

EAJ-PNVk nabarmendu du bere proposamenen helburua aurrekontua osatu eta sendotzea dela, «hobekuntza errealak eginez parte-hartzean, berdintasunean, segurtasunean, gizarte zerbitzuetan, merkataritzan, gazterian, ingurumenean eta adinekoen arretan. Udal Gobernuak zuzenketa horiek kontuan hartzen baditu, ez dugu aurrekontuaren aurka bozkatuko»., adierazi dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!