Egun haundia dute gaur Astigarragan. Peatonaleko Piestak ospatuko dituzte herrian, egun osoko egitarauarekin. Goizean hasi eta gauerdian bukatuko da festa. Jendetza espero dute antolatzaileek; eguerdian, adibidez, 300 pertsonatik gora elkartuko dira bazkarian. Herri kirol saioa, sagardo dastaketa, herri bazkaria, bertsolariak, txaranga, musika emanaldiak... eta piesten bukaera berezia. Ezer ez da faltako peatonalean!
PEATONALEKO PIESTAKASTIGARRAGA GAUR 10:30 Piesten hasierako txupinazoa. 11:00 Herri kirol saioa: Astigarraga vs Antiguo 12:00 Sagardo dastaketa: 14:30 Herri bazkaria: Menua: Iberikoak, ensalada mixta, baserriko oilaskoa parrilan, txerri saiheskiak parrilan eta torrija. Jarraian, bertsolariak: Andoitz Urdapilleta, Aritz Hernandez 'Larrume' eta Iban Gorriti 'Beltza'. 18:00 Musika saioak: 00:00 Piesten amaiera. |
«Herrian geratzeko moduko festa bat prestatu nahi genuen, jendeak bertako tabernetan eta bertako jendearekin gozatu dezan»Gauzak antolatzera eta saltsan ibiltzera ondo ohituta dago Xabat Ruiz astigartarra. Peatonaleko Piestetako antolatzaileetako bat da Ruiz: «Bixitasuna eman nahi diogu Astigarragari».
Peatonaleko Piesten sustatzaileetako bat da Xabat Ruiz astigartarra. Broma moduan hasitakoak egitarau eder bat izaten bukatu du, eta, orokorrean, pozik daude jendeak emandako erantzunarekin. Hurrengo urteetarako hasi dira ideiak pilatzen...
Nondik datoz Peatonaleko Piestak? Zer dela eta sortu dituzue? Ideia berez aspalditik dator. Iaz edo orain dela bi urte aipatu genuen lehenengo aldiz festak antolatzearen kontua. Herriko gazte askok ordu pila bat pasatzen ditugu peatonalaren bueltan, eta hortxe sortu zen ideia. Gogoratzen naiz beti esaten genuela txaranga ekarri eta bazkari bat egiteko bertan, baina brometan hartzen genuen guztiok.
Baina, dirudienez, momentu batetik aurrera broma izateari utzi zion. Hori da. Ez dakit zehazki noiz, baina egun batean, hainbesteko lata eman ondoren, esan genuen: 'Zer, egin beharko da zerbait, ala?'. Egitarau txiki bat prestatzea zen ideia, eta hiru edo lau pertsona elkartu ginen guztia prestatzeko. Ardurak banatu genituen, eta pixkanaka pixkanaka espero baino egitarau potenteagoa geratu zaigu. Herri kirolak, sagardo dastaketa sei sagardotegirekin, bazkaria, bertsolariak, txaranga, DJak eta piesten amaiera. Astigartarrentzat egun polita izango dela uste dugu.
Hortaz, giro informalean sortutako talde batek antolatu du egitaraua? Hori da. Egunero bertan ibiltzen garenon artean antolatu dugu guztia, gazteon eta ez hain gazteen artean. Gero ederra izan da ikustea herri guztiak egin duela bat prestatutako jarduerekin. Turista hernaniarrak ere etorriko direla uste dugu.
Zenbat pertsona elkartuko zarete herri bazkarian? Ez dakit zifra ziurra zein izango den. 280 kamixeta egin genituen hasieran, eta bazkarirako 300 txartel saldu dira. Batzuk, gainera, txartel gabe geratu dira, eta uste dut horientzat txartel gehiago aterako ditugula. Jende dexente mugituko dugu, ziur; bai bazkarian eta baita beste ekintzetan ere.
Zein da Peatonaleko Piesten helburua? Astigarragan gazte asko bizi gara. Baina betiko arazoa izan da parrandara inguruko herrietara joatea. Guk herrian geratzeko moduko festa bat prestatu nahi genuen, jendeak bertako tabernetan eta bertako jendearekin gozatu dezan. Bixitasun pixka bat eman nahi diogu Astigarragari.
Azkenaldian jarduera dexente antolatu dira Astigarragan... Bai, egia da. Gazte Asanbladak jarduerak antolatzen jarraitzen du, bertso afari bat ere antolatzen dugu, gabonetako futbol 7 txapelketa... Urteko agenda horri ekarpena egiten dio gaurkoak. Okurritu ahala joango gara gauza gehiago antolatzen, seguru.
Peatonaleko Piestak geratzeko etorri dira? Baietz esango nuke. Burura etortzen zaizkigun ideiak mahaigainean jartzen ditugu. Erdiak txarrak dira, baina tarteka on batzuk ere ateratzen zaizkigu. Dtaorren urtean asmoa da zerbait haundiagoa egitea, asteburu osoko egitarauarekin. Herriko bigarren festak izatea nahi genuke. Santioak oso ondo daude, baina 5 egun bakarrik dira, eta etorri orduko badoaz. Urtean zehar mugimendua emango diote herriari festa hauek. |