«Oso emanaldi berezia izango da larunbatekoa, maitasunez eta barru-barrutik egindakoa»

Olatz Egaña Otegi 2025eko azaroaren 18a

Aiztondo abesbatzako zenbait kide, Kronikarako elkarrizketan.

Larunbatean, hitzordu garrantzitsua du Aiztondok, izan ere, abesbatzaren 30. urteurrena ospatzeko, arratsaldeko 19:30etan 'Egin musika, ez gerra' emanaldia eskainiko du, Astigarragako elizan. «Santa Zezilia egunean eskainiko dugun emanaldia oso berezia izango da», adierazi dute gogoz taldekideek.

 

30 urte baino gehiago bete ditu Astigarragako Aiztondo abesbatzak, eta urtemuga ospatzeko, Santa Zezilia egunean, kontzertu «berezia» eskainiko du Astigarragako elizan. Hori horrela, Aiztondoko kideek, orain arteko bideaz, larunbaterako prestatutako emanaldiaz eta horrek guztiak dakarren mugarriaz jardun dute Kronikarekin. 

 

30 urteko ibilbide luzea borobiltzeko, Santa Zezilia egunerako emanaldia prestatu duzue. Nolakoa izango da? 

Ekitaldi berezi bat izango da aurtengoa. Izan ere, urteurren hau ospatuko dugu testuinguru zehatz batean, desberdintasun eta gatazka larrien testuinguru sozioekonomiko global batean. Gerra izugarriak dirauten garaian, baita genozidioaren testuinguruan ere, Palestinako herriaren kasuan gertatzen ari den bezala. Horregatik guztiagatik jarri diogu  ’Egin musika, ez gerra’ izena emanaldiari.

Ildo horretan, ikuskizunerako aukeratu ditugu gure ohiko errepertorioan euskaraz abesten ditugun zenbait kantu, hala nola, Lekuonaren ‘Ez, ez dut nahi Leku’, Laboaren ‘Martxa baten lehen notak’. Bestalde, gazteleraz Labordetaren ‘Canto a la libertad" ere abestuko dugu, eta ingelesez ‘Lennonen Imagine’ besteak beste, gizaki guztion senidetasunaren aldeko ereserkia bilakatu dena. Japonieraz eta venderaz ere abestuko dugu, azken hau Hegoafrikan hitz egiten den hizkuntza izanik. Musikarien eta dantzarien kolaborazioak izango ditugu. 

Era berean, sorpresak ere izango ditugu emanaldian, besteak beste, poesia eta dantza. Emozioz beteriko ikuskizuna izango da, maitasun osoz prestatu duguna, eta benetan nahiko genuke gerturatzen direnen gustukoa izatea.

 

Aiztondo abesbatzako kideak.

 
 

Musikari ahotsa jartzen daramazkizue 30 urte. Zer esan nahi du urteurren honek Aiztondorentzat?

Hunkituta eta eskertuta gaude honaino iritsi izanagatik. Musikaz, adiskidetasunez eta kantu koralarekiko pasioz beteriko 30 urte izan dira, eta pozik gaude kontzertu berezi batekin ospatu ahal izango dugulako. Ikuskizun honekin gure esker ona adierazi nahi diegu gure jarraitzaileei eta Astigarragako herriari.

 

Zein da horrenbeste urtez irauteko gakoa? 

Abesbatzak 30 urte baino gehiago ditu, izan ere, 1995ean sortu zen Aiztondo abesbatzaren izena, baina lehenago dagoeneko taldea osatuta zuten. Kanturako grina partekatzen zuen auzotar talde baten ekimenez sortu zen. 30 urte hauetan pertsona asko igaro dira Aiztondotik: batzuek utzi egin gaituzte eta beste hainbat etorri dira, beste batzuk tamalez zendu egin dira... Aiztondoren esentzia eta indarra taldeko kideetan dago; izan ere, taldekideei esker izan da posible gure herrian musika koralak iraun eta etorkizuna izatea. Adiskidetasuna eta errespetuzko giroa lantzen jakin dugula iruditzen zait, eta esango genuke, hori dela gakoa, Aiztondorena, behintzat.

 

Zuzendariak ere laguntzen du bide horretan. 

Bai, guztiz, Ibon Arroyo da egon litekeen zuzendaririk onena. Oso ondo eraman gaitu, eta jakin du gu bezalako talde bat kudeatzen. Aiztondoko taldekide askok ez dugu musika-prestakuntzarik, eta eskaini ditugu emanaldiak, inoiz imaginatu ez genituzkeenak. Dena Ibonen gogoa eta profesionaltasunagatik!  

 

Gaur egun, gazteek ez dute abesbatzetan abesteko ohiturarik. Zergatik uste duzue? 

Garaiak aldatu egin dira. Gu hasi ginen abesbatzan, afarietan eta bazkarietan asko abesten genuelako, ez ginen isiltzen! Orain, berriz, ez dago ohitura hori, galdu egin da. Orain edonora zoazela, gazteek abestu dezakete, baina izango dira pare bat kantu. Horregatik, dei egin nahiko genieke gazteei, etor daitezela Aiztondora! Ez da musika-ikasketarik behar, abesteko gogoa eta grina bakarrik! 

 

Astigarraga zuen herria. Babestuak sentitu zarete urte guztietan? 

Bai, guztiz. Bihotzez eskerrak eman nahi dizkiegu urte hauetan guztietan bidelagunizan ditugun jarraitzaile, lagun eta senideei. Haien laguntzarik gabe, ezingo genuke honaino iritsi. Datozen urteetan ere haien maitasuna eta babesa izaten jarraitzea espero dugu, hartara gure musika eta artea eskaintzen jarraitu ahal izateko. Eskerrik asko guztioi Aiztondok kantatzen jarraitzea posible egiteagatik!

Amaitzeko, esan nahiko genuke Aiztondo abesbatza honaino iritsi bada, izan dela ateak irekita izan dituelako kantatzeko gogoa duen edonori. Beraz, musika gurekin partekatzeko esperientzia nolakoa den probatu nahi duen oro, gazte zein heldu, besoak zabalik hartuko dugu. Kontzertuan ikusiko garelakoan, Santa Zezilia egunera arte!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!