Sagardoaren Lurraldeak antolatuta, VI. Sagardo Foruma ospatuko da azaroaren 20tik 22ra. Astigarragan, Erribera Kulturgunean eta Donostian, Basque Culinary Center egoitzan izango du lekua nazioarteko topaketak. Antolatzaileek aditzera eman dutenez, «sagarrari, sagardoari eta sagardoaren kulturari, ondareari eta turismoari buruzko nazioarteko ekitaldia» izango da.
Topaketaren seigarren edizio honetan, antolatzaileen asmoa mundu osoko sagardoaren adituak nahiz sagardozaleak biltzea izango dela azaldu dute, «haien ezagutzak zein esperientziak partekatu eta sagardoaren kultura sustatzeko».
Egitarauak hiru jarduera nagusi izango ditu
Topaketak egitarau zabal bat ondu du, baina antolatzaileek hiru jarduera nagusi nabarmendu dituzte: jardunaldi teknikoak, Nazioarteko Sagardo lehiaketa eta Nazioarteko Sagardo Azoka.
Nazioarteko Sagardo Lehiaketak esaterako, bertako, nazioko eta nazioarteko sagardoak dastatzeko aukera eskainiko du.
Bestalde, zenbait txango ere eskainiko dituzte, inguruko museoak, paisaiak zein sagardotegiak bisitatzeko.
Helburua herritarrek sagardoaren elaborazioari buruzko ezagutzak barneratzea eta mundu osoko sagardoak dastatzeko eta sagardoaren kulturaz gozatzeko aukera izatea dela azaldu dute. Beraz, ekitaldia publiko guztiei zuzendua dagoela nabarmendu dute.
Egitaraua eta mugikortasuna
Sagardo Forumeko jarduerak zehatz-mehatz jakiteko aukera dago sagardoarenlurraldea.eus webgunean. Bertan aurkituko dituzte herritarrek azaroaren 20, 21 eta 22an zein jarduera dauden, bakoitzaren ordutegia, lekua eta partaideak. Bestalde, doako autobus zerbitzua egongo dela aipatu dute, bai Basque Culinary Center-era joateko baita bertatik itzultzeko ere.