Kale mozketak izango dira Astigarragan asteburu honetan eta hurrengoan

Andoni Rekondo Izagirre 2025eko azaroaren 14a

Peatonaleko Pestengatik itxiko dute eremu hau.

Zipotzaren urteurreneko jarduerak direla eta, Tomas Alba kalea itxita egongo da astelehenera arte.

Astigarragako trafikoan aldaketa batzuk izango dira asteburu honetan eta hurrengoan. Bi kasuetan, ospakizunak dira kale mozketen zergatia. 

Zipotzaren urteurreneko jarduerak egiteko, karpa haundi bat jarri dute Tomas Alba kalean. Honezkero pare bat egun daramatza bertan, eta kalea astelehenean irekiko dute berriro, normaltasunera itzulita. 

Datorren asteburuan, berriz, Peatonaleko Pesten lehenengo edizioa ospatuko dute Astigarragan. Horregatik, goizeko 10:00etatik gaueko 00:00etara arte itxita egongo da Kale Nagusia, Eroskitik Postetxera doan tartean. 

Egun horretan Apeztegi, Amarrandegi eta Foru plazan dauden garajeetara Santio Zeharra kaletik joan beharko dute herritarrek. 

Udaletik gogorarazi dute seinaleztapena, abiadura eta lehentasunak «zorrotz» errespetatu behar direla.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!