Autobusen ibilbideak egokitzeko eskatu dio Astigarragako EAJk EH Bilduri

Andoni Rekondo Izagirre 2025eko azaroaren 13a

Antziola-Elkano eta Zinkoenea-Antziola bidegurutzeetan «berehalako lanak» egiteko eskaera egin dute, autobus artikulatuak sartzeko.

Astigarragako EAJ-PNVtik «autobus ibilbideko azpiegiturak urgentziaz egokitzeko» eskaera egin diete EH Bilduri eta Hernaniko Udalari. Zehazki, Hernaniko bi puntutan eskatu dituzte eskuhartzeak: Antziola eta Elkano kaleen arteko bidegurutzean lehenengoa, eta Zinkoenea eta Antziola kaleen artean bigarrena.

Maria Otaegi bozeramaileak nabarmendu du Hernaniko ibilbideak ez daudela ibilgailu artikulatuentzat prestatuta: «Herritarren artean kezka haundia sortzen du autobus zerbitzuak daukan gaitasun faltak».

Aipatutako eskuhartzeak «presazkotzat» jo ditu Otaegik, «arazoaren muina» horixe dela iritzita: «Ez da erosotasunari buruzko eztabaida, herritarrek dituzten beharrei buruzkoa baizik. Gure bizilagunen mugikortasuna erraztu behar dugu, ez mugatu».

 

«Konponbidea EH Bilduren esku dago»

Konponbideaz hitz egitean, Otaegik EH Bilduko ordezkariei egin die erreferentzia, eta Xabier Urdangarin Astigarragako alkateari «Hernaniko Udalarekin Aldundiarekin erakutsi duen determinazio bera erakusteko» eskatu dio: «Arazoa ezin da gehiago atzeratu. Eskatzen dugu EH Bilduk bere gain har dezala berehala konpontzeko konpromisoa».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!