Astigarragako EAJ-PNVren udal taldeak mozio kritiko bat aurkeztu du urriko azken osoko bilkuraren ondoren, «udal kudeaketan gardentasuna, informaziorako eskubidea eta gobernu onaren printzipioak» indartzeko helburuarekin. Ekimena «azkenaldian atzemandako» zenbait praktikaren ondorioz sortu da; EAJren ustez, horiek udal kudeaketa estandar demokratikoetatik urruntzen dute eta oposizioaren kontrol zein proposamen lana zailtzen dute.
Mozioaren bidez, EAJ-PNVk Udalari honako neurriak hartzea proposatu dio: «Gobernu onaren printzipioak indartzea, erakundeen jardunaren oinarri gisa; Alkatearen eta udal gobernuaren konpromiso formala, udal taldeekin komunikatzeko eta lankidetzan aritzeko bide argiak ezarriz, eta informaziorako sarbidea osorik eta garaiz bermatuz; parte-hartzea, informazioa eta gardentasuna arautzen dituen ordenantza betetzea, osoko bilkurak zuzenean emitituz eta herritarrentzat multimedia edukiak eskuragarri jarriz; kontuak emateko sistema hobetzea, kudeaketa-txosten argiagoak eta ulergarriagoak eskainiz;
aktak hitzez hitz transkribatzea, batzordeetan eta osoko bilkuretan esandakoa errealitatearekin bat etorriz jasota gera dadin».Jeltzaleen ustez, «egungo gobernuak ez du jada betetzen gardentasunaren eta informazioaren arloan espero zen gutxienekoa.
Ekimen honekin, EAJ-PNVk «udal kudeaketa hurbil, arduratsu eta herritar guztientzat eskuragarri baten aldeko bere konpromisoa berresten du, eta informaziorako zein parte-hartzeko bide argien beharra», azpimarratu du.