Herritar ugari elkartu ziren Astigarragako biktimen omenezko monolitoaren inaugurazio ekitaldian

Andoni Rekondo Izagirre 2025eko azaroaren 11

Kultur Etxe Zaharraren azpialdeko belazean jarri dute Iñaki Rifaterra artistak sortutako oroitarria, «oroitzeko eta galderak sortzeko» helburuarekin. Astigartar asko bertaratu ziren inauguraziora.

 

Memoriaren Eguna baliatu zuen Astigarragako Udalak biktimen omenezko monolitoa inauguratzeko. Ekitaldi xumea izan zen atzo arratsaldekoa, baina herritar ugari elkartu ziren Emakumeon plazan.

Ainara Vazquez zinegotziak eman zion hasiera aitortza ekitaldiari, azken urteetan egindako lanari erreferentzia eginez. Xabier Urdangarinek transmisioa aipatu zuen bere hitzartzean, eraildako eta desagertutako herritarren memoria gazteei helarazteko beharra nabarmenduta: «Euren memoria herrian eduki nahi dugu. Oroitzeko eta galdetzeko egin dugu oroitarria. Memoria galderekin elikatzen baita. Gurea da astigartar gazteen memoria elikatzeko erantzukizuna».

Emakumeon plazako ekitaldia Astigarragako Bertso Eskolako gaztetxoen bertsoekin amaitu zen, eta segidan monolitoa dagoen lekura abiatu ziren herritarrak, Txirrisklako txistulariekin batera. 

Ohorezko agurra monolitoari

Kultur Etxe Zaharraren azpialdeko belazean jarri dute Iñaki Rifaterra artistak egindako monolitoa. Rifaterrak azalpen labur bat eskaini zuen bere lanaren aurrean: «Hiru marka mota dauzka harriak; naturaren markak, harrobitik ateratzeko prozesuaren markak eta aurrean duen irudiaren markak. Horien arteko elkarrizketa irudikatzen du lanak».

Azalpenak amaituta, Astigar taldeko dantzariek ohorezko agurra dantzatu zuten bertan, eta biktimen monolitoetako lore eskaintzarekin amaitu zuten ekitaldia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!