Memoria Historikoaren Nazioarteko Eguna da bihar, eta ohi bezala, omenaldi-ekitaldia antolatu du Astigarragako Udalak, 1936 eta 1985 urteen artean eraildako eta desagertutako biktima astigartarrei eta haien familiei errekonozimendua eta erreparazioa emateko. Arratsaldeko 17:30etan hasiko da ekitaldia, Emakumeon Plazan.
Baina aurtengoak izango du nobedade esanguratsu bat. Izan ere, monolito berri bat inauguratuko dute, biktima horien errekonozimendu gisa. Ekitaldiaren ondoren egingo dute monolito berriaren inaugurazioa, gainerako monolitoetan oroigarri eskaintza egitearekin batera. Bukaeran, mokadutxoa egingo dute Zamalbide-Bentak auzoko elkartean.
Monolito berria inauguratuta, Udalak amaiera emango dio azken urteotan egindako bideari, «1936-1985 urteetan kolpe militar frankistak eragindako gerraren, eskuin muturraren atentatuen eta poliziaren indarkeriaren ondorioz eraildako eta desagertutako astigartarrak gogora ekarri eta omentzeko». Bide horretan, 2017an, memoria historikoa berreskuratzeko bekaren bitartez osatu zuen Maddalen Laburu astigartarrak Gerra Zibileko eta frankismo garaiko biktima astigartarrei buruzko ikerlana, gerora 'Orri zuriak betetzen' dokumentalaren abiapuntu izan zena. Eta 2024an estreinatu zuen Udalak 'Orbanen egia' dokumentala, 70eko eta 80ko hamarkadetan eraildako herritarrei buruzkoa.