Castro Urdialeseko 'Otoño' jaialdiari hasiera emango dio Eragiyokek

Andoni Rekondo Izagirre 2025eko azaroaren 7a

Eragiyok abesbatzako kideak, kontzertu batean.

Gaur iluntzean kantatuko dute Eragiyokeko kideek, tradizio haundiko hitzorduan. 

 

Kantabriara bidean daude Astigarragako Eragiyok abesbatzako kideak. Castro Urdialesen ospatzen den 'Otoño Musical' jaialdian abestuko dute gaur iluntzean, eta emanaldi berezia prestatu dute bertan eskaintzeko. 

Klasikoak eta kantutegiari gehitutako kantu berriak abestuko ditu Eragiyokek, mimo haundiz prestatutako emanaldian: «Eliz musikarekin hasiko gara, Madinaren 'Aita gurea' edo Mendelssohnen 'Beatu mortui' kantuekin», azaldu dute. Kontzertuaren bigarren zatian, ordean, euskal folkloreari egingo diote tartea: «Guridiren 'Boga boga', Aita Donostiaren 'Adiós, ene maitia' edota Sorozabalen 'Euskalerria' kantatuko ditugu». 

Jaialdi entzutetsua da Castro Urdialeseko. 40 urteko ibilbidea du honezkero, eta Euskal Herriko abesbatza ugarik hartu dute parte aurreko edizioetan. Kontzertua Andre Maria Jasokundearen elizan izango da, eta horrek ere motibatzen ditu Eragiyokeko kideak: «Kantabriako eliza gotikorik garrantzitsuena da, Donejakue Bideen barruan ondare indibidual moduan izendatua».

Gaurko kontzertua Los Templarios abesbatzak antolatzen du, eta Eragiyokekin batera Tuterako Griseras Haur Abesbatza, Leioako Orpheo-Ganbera Abesbatza eta Portugalgo Olisipo Ahots Taldea arituko dira. 

Abenduaren 20an izango da Ahober zikloko azken kontzertua

Gaurkoaren ondoren, Astigarragan izango du hurrengo hitzordua Eragiyokek. Abenduaren 20an Ahober zikloko azken kontzertua eskainiko du abesbatzak, Ainhoa López de Munain sopranoarekin, Josu Cabrero tenorrarekin eta Henar F. Clavel pianojolearekin batera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!