'Romper el círculo' filma eta solasaldia etzi, Matazaken eskutik

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025eko azaroaren 4a

Blake Lively da filmeko aktore nagusia, Lily Bloom protagonistaren azalean.

Arratsaldeko 18:00etan hasiko dute saioa, eta baliatuko dute tratu txarrei eta ahalduntzeari buruz hausnartzeko.

MediZine zineforumaren saioa izango da ostiral honetan, Matazak elkarteak antolatuta. Erribera kulturgunean jarri dute hitzordua, arratsaldeko 18:00etan hasita; eta tratu txarrak eta ahalduntzea izango dituzte hizpide. Horretarako, 'Romper el círculo' filma jarriko dute.

Saioa hasteko, tratu txarrei eta ahalduntzeari buruzko hizketaldi laburra egingo dute, eta baita filmaren aurkezpena ere. Ondoren, 18:20etan, filma bera eskainiko dute, bi ordu pasatxokoa. Eta azkenik, horren inguruko solasaldia izango da.

Joan den urtean estreinatu zuten 'Romper el círculo' filma. Estatubatuarra da, Justin Baldonik zuzendutakoa; eta Blake Lively da aktore nagusia, Lily Bloom izeneko emakumearen azalean. Haurtzaro traumatiko bat gainditu beharko du Lilyk, Bostonen bizitza berri bat hasi eta bere negozio propioa martxan jartzeko. Ryle Kincaid neurozirujaua (Justin Baldoni) ezagutuko du orduan, eta konexio intentsioa sortuko da bien artean. Baina Lilyren aurreneko bikotea bat-batean agertuko da berriro, Atlas Corrigan (Brandon Sklenar); eta Rylerekin daukan harremana kolokan jarriko du. Orduan, Lily konturatuko da bere indar propioarengan izan behar duela konfiantza, bere etorkizuna markatuko duen erabaki zail bat hartzeko.

Indarkeria matxistari buruzko drama erromantiko gisa definitu dute filma.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!