Energia komunitate herritarra sortzeko mozioa onartu du Udalak

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025ko aza. 1a, 00:00

Aho batez onartu zuten autotaxi zerbitzuaren tarifen igoera, Plenoan.

Energia komunitate herritarra sortzeko mozioa onartu du Udalak

 

Azkarra izan zen urriko Plenoa, joan den asteartean, Astigarragako udaletxean. Hiru puntu nagusi zeuzkaten lantzeko, eta hiruek egin zuten aurrera, modu batera edo bestera. Hasteko, aho batez onartu zuten autotaxi zerbitzuko tarifak %2,4 igotzea 2026 urterako. Ia urtebete da Astigarraga sartu zela Donostialdeko zonalde berezian sartu zela, eta horrek eman dituen emaitzak aztertzen ari dira orain. Gainera, jakinarazi dute bigarren taxi lizentzia bat sortu dutela Astigarragarako, eta hori betetzeko lehiaketa abiatzea izango da hurrengo pausoa.

Horren ondoren, heldu zioten energia komunitateak sortzeko gaiari. PSE-EEk mozio bat aurkeztu zuen horretarako, aurreko Plenoan iragarri bezala; eta horren aurrean, mozio alternatiboa aurkeztu zuen EH Bilduk, adieraziz sozialisten testuak ez duela jasotzen «energiaren arloan Udalak orain arte egindako lana». Bi mozioei bere babesa eman zien EAJk, baina PSE-EErenak ez zuen aurrera egin, eta EH Bildurena onartu zen, PSE-EEk kontra bozkatu arren. Mozio horren arabera, Udalak eutsiko dio «energia komunitate herritar bat sortzeko konpromisoari», eta urratsak ematen jarraituko du bide horretan. Gainera, aprobetxatuko ditu erakunde desberdinek eskainitako baliabideak, «energia eraginkortasuna areagotu, energia berriztagarrien sorkuntzan sakondu eta energia komunitatea sortzeko». Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari, Energiaren Euskal Erakundeari eta arlo horretako beste erakundeei eskatuko die «modu esanguratsu eta finkoan» haunditu dezatela udalentzako finantzaketa iraunkorra, «trantsizio energetikoaren erronka ekosozialari tokiko eremutik eragiteko». Eta Udalak berak konpromisoa hartu du bere aurrekontuetan urtero onartzeko kredituak, energiaren gaia lantzeko.

Beste mozio bat ere onartu zuten Plenoan, Goldatu Elkarteak (Francoren Diktadura garaiko Euskal Preso eta Errepresaliatuen Elkartea) aurkeztutakoa, 'Estatua erantzule' kanpainaren ingurukoa. «50 urte dira Franco hil zela, baina frankismoa ez zen amaitu. Dena lotuta eta ondo lotuta utzi zuen, eta estatu indarkeria sistematikoki praktikatzen jarraitu zen, zigorgabetasun osoz. Horregatik, ekimen bateratu bat jarri dute abian Martxoak 3 eta Sanfermines 78 Gogoan elkarteek, Espainiako zigorgabetasunaren eredu jasanezina salatzeko, eta egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak indarrez aldarrikatzeko». EH Bilduren aldeko botoekin onartu zen mozioa, eta abstenitu egin ziren EAJ eta PSE-EE.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!