«Tolarea berriro martxan jartzea da helburua, gure ondarea ikusgai egon dadin»

Andoni Rekondo Izagirre 2025ko aza. 1a, 00:00

Aritz Goikoetxea, Kronikarako elkarrizketan.

350 urtetik gora dauzka Erbetegi-Etxeberri baserriko tolareak, eta laster martxan jarriko dute berriro. Pasa den astean aurkeztu zuten Dolareak ekimena, eta Donostiako, Angeluko eta Iruñeko zurgintza ikasleak arduratuko dira tolarea zaharberritzeaz. Aritz Goikoetxeak badaki zer den aitaren etxeko tolare zaharrean sagardoa egitea, eta pozarren aletu ditu proiektuaren nondik norakoak Kronikarekin.

 

Berri pozgarria jaso zuen pasa den astean Erbetegi-Etxeberri baserriko Goikoetxea familiak. Dolareak ekimenari esker, euren baserriko tolare zaharra birgaitzeko lanak hasiko dituzte. Peio Martikorena Fundazioak sustatutako ekimena da, baina guzti honetan zerikusi haundia izan dute Astigarragako Udalak eta Sagardoetxeak. Orain, Donostiako, Angeluko eta Iruñeko zurgintza ikasleei dagokie lanean hastea.

Aritz Goikoetxea astigartarrak gertutik ezagutzen du familiako baserri zaharrean zegoen tolare hura. Bertan sagardoa egindakoa da bera ere, eta miresmen haundiarekin azaltzen du XVII. mende inguruko tolarearen funtzionamendua: «Ondare garrantzitsua dela esango nuke. Lehen ez nion garrantzirik ematen, baina orain badakit balio haundikoa dela». 

Kronikarekin patxadaz hitz egiteko tartea hartu du Goikoetxeak, eta ondare eder honi buruzko xehetasunak aletu ditu.

Tolareari buruz hitz egiteko deitu dizugu, eta jatorrizko kokalekura ekarri gaituzu.

Halaxe da, bai. Hementxe zegoen Erbetegi-Etxeberri baserria, gure aita zenaren jaiotetxea. Oraindik bertan daude tolarearen aldameneko bi paretak.  Etxe haundia zen, eta bi familia bizi izan ziren bertan urte luzez: Izeta familia eta Goikoetxea familia. Tolarea bi familiena zen, baina Izetatarrek lehenago utzi zioten sagardoa egiteari. Gure familiak mantendu zuen noizbehinkako jarduna, hasieran Donostiako jatetxeetara saltzeko eta azken urteetan bertan kontsumitzeko. Denboraren joanean zaharkitu egin ziren gure sagastiak, eta utzi egin genion sagardoa egiteari. Tolarea bi familien jabetzakoa izateak asko lagundu du hainbeste urtez martxan mantentzeko.

Etxe haundia eta tolare erraldoia. Dena proportzioan. 

Hiru solairu hartzen zituen tolareak, horixe zen berezitasunetako bat. Beheran noria antzeko bat zeukan, animaliak bueltaka ibiltzeko. Horrek matxaka gestionatzen zuen, lan gogorrena pixka bat errazteko. Bigarren solairuan matxaka eta bi ardatzeko prentsa zeuden. Normalean, ardatz bakarreko tolareak izaten ziren hemengo baserrietan, eta horixe da gurearen bigarren berezitasuna. Garaiko datuen arabera, 40 karga sartzen ziren bertan. Ez dakit zenbat tona izango diren, baina edukiera haundiko tolarea dela ziurra da. Hirugarren solairuan, berriz, sagarra jasotzen genuen, bertatik matxakara zuzenean botatzeko. Tolarearen zati gehienak egurrezkoak dira, baserri inguruan bildutako haritzarekin egindakoak. 

Hiru solairu, tamaina erraldoia, baina data zehazgabea. Oraingoz, zaharra dela bakarrik dakigu. 

Datu gutxi daude eskuragarri eta aitak kontatutakoa bakarrik dakit nik. Hala ere, badago gertakari esanguratsu bat: baserriak lehen Erbetegi izena zuen, eta duela 350 urte inguru erre egin zen. Etxe osoa kixkali bazen ere, tolarea salbatzea lortu zuten, eta baserria tolarearen inguruan berreraiki zuten, Erbetegi-Etxeberri izena jarrita. Ordutik, denbora asko iraun du martxan tolareak, nik neuk ere egin baitut sagardoa bertan. 

Dena den, zalantza horiek laster argitzeko modua izango dugu. Dolareak proiektuaren helburuetako bat baita tolarea noizkoa den jakitea. Horretarako, egurra datatu egingo dute, probeta batzuk atera dituzte eta gutxi gorabehera jakingo dugu noizko egurra den. 

«Duela 350 urte inguru erre egin zen. Etxe osoa kixkali bazen ere, tolarea salbatzea lortu zuten, eta baserria tolarearen inguruan berreraiki zuten»

 

Tolareak urte batzuk daramatza etxetik kanpo. Zer gertatu zen baserria eraitsi zutenean?  

Baserria zegoen lursaila expropiatu egin ziguten, hasiera batean trena bertatik pasako zelako. Garai hartan Joxe Mari Alberro zebilen Sagardoetxean, eta gure aitarekin harreman estua zuen. Horietako batean galdetu zion ea tolarearekin zer egin behar genuen, eta 2005-2007 inguruan tratu batera iritsi ginen berarekin. Guk donazioan eman genuen tolarea, eta euren helburua izan da hura kontserbatzea, zaintzea, tratatzea eta berritzea. Denon nahia beti izan da tolarea Sagardoetxean ikusgai jartzea, Astigarragako ondarea bertan erakutsi ahal izateko. Baserria 2010ean bota zuten, eta tolarea gordeta eduki dute orain arte. 

Erbetegi-Etxeberri baserriaren irudia. 

Gordeta eduki dute, baina laster aterako da argitara.

Hori da. Sagardoetxearen eta Astigarragako Udalaren lanari esker dirulaguntza bat lortu dute Dolareak ekimena sustatzeko. Orain helburua da berriro martxan jartzea, jendeari erakusteko sagardoa nola egiten zen lehen.

Hiru lanbide heziketa zentrotako ikasleek zaharberrituko dute tolarea. Albaolako proiektuaren antza hartuko dio batenbatek...

Albaola proiektu potoloa da, eta hemen ere lan haundia dute aurretik. Diozun modura, Donostiako, Iruñeko eta Angeluko hiru ikasle taldek berrituko dute. Beraientzat ere prozesu aberasgarria izango da, ez baita zurgintzara bakarrik mugatuko. Helburuetako bat, noski, egur zaharrak duen balioa ikastea da, nola berritu daitekeen jakiteko. Baina, horrekin batera, sagardoaren kultura eta inguru honetako historia ezagutuko dute. Oso proiektu polita da. Bereziki nabarmenduko nuke Sagardoetxearen eta Udalaren lana, orain arte bikain mantendu dutelako tolarea.  

Zenbat denborako lana dute ikasleek?

Lehenengo taldea astebetez aritu da gogor lanean, urtarrilean bigarren taldea etorriko da eta otsailean hirugarrena. Zurginek lana amaitzen dutenean pentsatu beharko da non jarri tolarea, leku haundi xamarra beharko baitu. 

Bi ardatzeko tolareak baserriaren zati haundi bat hartzen zuen.


Tolareak ez ezik, txalapartak ere berebiziko garrantzia izan du eta du zuen etxean. Zaila da biak bananduta ulertzea, ezta? 

Txalapartaren eta sagardo munduaren zerikusia erabatekoa da. Guk instrumentu modura ezagutu dugu, baina lehen ez zen instrumentua, lanabesa baizik. Garai haietan, etxean sagardoa egiten zutenean, komunikatu egin behar zen dagoeneko edateko moduan zegoela. Horretarako erabiltzen zuten txalaparta, soinuaren bidez sagardoa prest zegoela jakinarazteko. Diotenez, 5 kilometroko distantzian entzun zitekeen txalapartaren hotsa, pentsa!

Sagardoa egiteko lehenengo pausoa sagarra biltzea da, eta horretarako xextoak behar dira; sagarra lehertzeko pisoiak (kirikoketa) eta makilak erabiltzen zituzten; eta tabloia patsa zanpatzeko eta zukutzeko erabiltzen zen. Material horrekin osatzen da txalaparta tradizionala, eta gure familian horri eusten diogu oraindik. Txalapartaren oinarria ulertzeko ezinbestekoa da Goikoetxeatarren lana ezagutzea.

Oso mundu interesgarria da txalapartarena, eta pertsona askok lan haundia egin dute transmisioarekin jarraitzeko: Zuaznabartarrak, Artzetarrak, Juan Mari Beltran...

«Guk bagenekien zerbait egiteko asmoa zegoela, eta sekulako ilusioa egiten digu martxan jarri izanak»

 

Zuen etxean belaunaldiz belaunaldi eutsi diozue tradizioari. 

Bai, urte batzuetan ia galdu arren. Nire aitonak eta bere anaiak, Axintxio eta Ramon Goikoetxeak, lortu zuten tradizioari eustea eta ondorengo belaunaldiei transmititzea. Gure etxean ni naiz txalaparta jotzen duen seigarren belaunaldia, eta nire seme-alabak zazpigarrena. Gaur egun mila modutara jotzen da instrumentua, baina guk era tradizionalari eusten diogu: xextoekin, tabloi batekin eta lau makilekin.

Dolareak ekimenaren aurkezpenean poza adierazi zuen Xabier Urdangarin alkateak. Familiarentzat ere gauza haundia izango da tolarea zaharberritzea... 

Guk bagenekien zerbait egiteko asmoa zegoela. Joxe Mari Alberrok, Sagardoetxeak eta Udaletxeak sekulako lana egin dute ondare hori ondo mantentzen. Guri sekulako ilusioa egiten digu proiektua martxan jartzeak, eta laguntzeko gogoz gaude. Pena bakarra da aitak ez duela momentu hau biziko, baina bere helburuetako bat martxan ikusteak poza ematen digu. Hemendik aurrera edozer behar badute, bertan izango gaituzte laguntzeko.

Tolarearen matxaka martxan jartzeko abereen laguntza baliatzen zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!