Astearteko Plenoaren bukaeran eman zituen aditzera, Xabier Urdangarin alkateak, Astigarragako DBHko Institutuaren eraikin berriaren inguruko azkeneko albisteak: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurreko ostiralean aurkeztu zuen exekuzio proiektua, Astigarragako udaletxeko erregistroan.
Joan den urteko urrian erregistratu zuen Hezkuntza Sailak behin betiko proiektua, eta hilabete bereko Plenoan eman zion obra baimena Udalak. Horren ondoren, aurtengo martxo inguruan espero zuten exekuzio proiektua aurkeztea, baina atzeratu egin da, eta aurreko astean erregistratu zuten udaletxean.
Hori horrela, kontratazio organora pasako da lanketa orain, eta bere ardura izango da lehiaketa martxan jartzea.
Dena ondobidean, 2026ko uda baino lehen hasiko lirateke eraikina egiteko obrak. Duela urtebete, obra proiektua aurkeztu zutenean, aurreikuspena zen 2025eko urte bukaeran hasiko zirela, eta 2027an bukatu, 2028-2029 ikasturterako eraikina prest izateko. Epeak urte erdi pasatxo atzeratu diren arren, badirudi martxan jartzeko ikasturtea horixe izan litekeela oraindik ere.