Uxue eta Miren Bereziartua Lonbide ahizpen Gure herriko señorak erakusketa ikusgai izango da Astigarragako Emakumeon Etxean, bihartik azaroaren 14ra arte. Erakusketa atzo inauguratu zuten eta oinarrituta dago, Astigarragari ekarpen esanguratsua egin dioten emakume erreferenteen ikerketa lanean.
Andrea Loinaz Maizcurrena eta Eider Ugarte Rodriguez astigartarrek Astigarragako emakumeen ekarpenak eta bizitza-istorioak (1940-2000) ikerketa gauzatu zuten, Udaleko
Berdintasun Sailak 2023an argitaratu zuen genero ikerketa-bekarekin, Astigarragako emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko, balioan jartzeko eta herritarren eskura jartzeko.
Emakume asko dira Astigarragari hainbat alorretan ekarpena egin diotenak. Emakume horietako gutxi dira herrian ezagunak, ordea, eta erreferente falta nabaria da. Gabezia horretatik abiatuta, herriari arlo kultural, sozial, ekonomiko edota politikoan ekarpena egin dioten 15 emakumetik gora identifikatu eta emakume horien bizipenak jaso ditu ikerketak.
Ikerketa horretan oinarrituta sortu dute Miren eta Uxue Bereziartua Lonbide ahizpek Gure herriko señorak erakusketa, iaz Hernanin aurkeztutako proiektuaren bidetik. Oraingoan, herriari ekarpena egin dioten hainbat emakume identifikatu dira erakusketan, eta emakume horien bizipenak jasotzen dituen disziplina arteko lana osatu dute ilustrazioa, bideoa eta soinua uztartuz.
Erakusketa astelehen, astearte eta ostiraletan izango da zabalik 09:00etatik 15:00etara. Ostegunetan, berriz, 13:00etatik 19:00etara zabalduko ditu ateak. Atzoko inaugurazioan izan ziren bekadunak, ikerketa-lanean jasotako emakumeak eta erakusketaren sorkuntza-lana egin dutenak.