Herriko zenbait gunetako argiteria publikoa hobetzeko lanak hasi ditu Astigarragako Udalak

Libe Murua Masid 2025ko urr. 27a, 00:00

Autobus geltoki bat, argiztapen berriarekin.

Herriko autobus geltoki guztiak argiztatu ditu Udalak eta udazkenerako beste eremu batzuk argiztatzea aurreikusten du.

 

Astigarragako Udalak jakinarazi duenez, herriko hainbat gunetan argiteria publikoa hobetzeko lanak egiten ari dira. Lan hauekin, herritarren «segurtasuna eta erosotasuna hobetzeaz gain», aurrezpen ekonomiko eta energetikoa lortuko dela dio Udalak.  

Orain arte egindako lanen artean, Udalak autobus geltokietako argiztapen lana nabarmendu du. Hasiera batean, premia herriko bi geltokietan ikusi zen: hezegunean eta Ergobian (Donostiarako norabidean). Bi geltokien argiztapenak emaitza ona izan zuenez, herrian dauden beste geltoki guztiak argiztatzea erabaki zen, eta dagoeneko amaituta daude lan horiek. 

Argiztapen lan gehiago udazkenera begira

Herriko beste zenbait eremu argiztatzea ere aurreikusten du Udalak udazkenerako. Alde batetik, Iretza tabernaren aurrean dauden bidegorrian eta espaloian sei farola jarriko dira, bakoitza bi argirekin. Eta, bide batez, eremu horretako errepidea ere argiztatzea lortuko dela azaldu du Udalak. Lan hauen prestaketarekin hasita daude jada. 

Bestalde, partida bat aurreikusi du argiteria publikoa LED teknologiara aldatzeko. «Herriguneko argiteria erabat aldatuta dagoenez, aurten industrialdeetako argiteria egingo da, zehazki Zamoka-Txalaka poligonokoan». Honi bide emateko, azterketa tekniko bat eskatu du Udalak eta 60-80 farola inguru aldatzea aurreikusten du. Gauzak horrela, udalerriko argiteriaren %77 LED teknologiara pasatuta geratuko litzakeela azaldu du.   

«Azken urteetako bideari jarraituz, herrian argiteria publiko eraginkorra eta kalitatezkoa lortzeko urratsak ematen jarraitzen dugu», gaineratu du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!