Eneko Olveira txirrindulari astigartarrak sasoi betean ekin dio ziklokros denboraldiari. Larunbatean Pablo Arsuaga memorialaren IV. edizioa jokatu zuten Tolosan, eta garaipena eskuratu zuen Olveirak, 19,6 kilometroko ibilbidea 57:41 denboran osatuta.
Zazpi itzuliko lasterketa izan zen, eta ibilbideari gogortasuna gehitu zion eguraldi goibelak. Lehia oso estua izan zen lasterketan zehar, eta segundu gutxiko aldeagatik gailendu zen Olveira. Bigarren sailkatua Aitor Hernandez izan zen, Olveira baino 9 segundu beranduago iritsita; eta podiuma Unai Cuevak osatu zuen, astigartarra baino 13 segundu beranduago helmugaratuta, Gexan Albisurekin batera.
Egoera asko kudeatzea tokatu zitzaion Olveirari larunbateko lasterketan: «Hasieratik bost txirrindularik egin genuen alde. Bigarren itzulian erritmoa igo nuen, eta Aitor Hernandezekin batera zuloa irekitzea lortu nuen. Hurrengo itzulian berak estutu zuen, eta hamar segundu atera zizkidan. Aurrerago, ordea, katea atera zitzaion, eta momentu hori baliatu nuen zuloa itxi eta hamar segundu sartzeko. Hiru itzuli geratzen ziren oraindik, baina lortu nuen abantaila helmugaraino mantentzea».
«Ez nuen garaipena lortzerik espero, eta oso pozik nago»
Mendiko lasterketak dira Olveiraren helburu nagusia, eta ziklokrosa teknika hobetzeko baliatzen du batez ere. Aurredenboraldi moduko bat egiten ari da, eta, dioenez, ez zuen garaipena lortzerik espero: «Open Euskadiko lehenengo lasterketa zen, eta normalean makalxeago ibili ohi naiz urte sasoi honetan».
Otsailean hasiko da mendiko denboraldia, eta ordura arte prestakuntza lanetan jarraituko du Olveirak.