XVII. Mendeko sagardo tolare bat zaharberrituko dute zurgintza ikasleek

Iñigo Goñi Iradi 2025ko urr. 24a, 00:00

Tolarea zaharberrituko duten ikasle, irakasle eta sustatzaileak.

400 urte baino gehiago dituen Erbetegi-Etxeberri baserriko sagardo tolare bat berreskuratu, zaharberritu eta berriro muntatuko dute Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurdiko hiru lanbide-heziketa zentroetako ikasle gazteen ahaleginari esker. Egitasmoa
Peio Martikorena Fundazioak sustatu du Dolareak ekimenaren bidez, Astigarragako Udalarekin eta  hiru hezkuntza zentrorekin lankidetzan, Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak ko-finantzatuta. 

Astigarragako udal biltegian atzo egindako aurkezpenean, CIF Donibane (Iruñea), EASO Politeknikoa (Donostia) eta Fédération Compagnonnique (Angelu) lanbide-heziketa zentroetako ikasle talde batek Astigarragako Erbetegi-Etxeberri baserriko sagardo tolarearen zaharberritze lanak erakutsi dituzte. XVII. mendeko tolare bat da, urteetan zehar kontserbatu dena eta orain Dolareak proiektuari esker bizia berreskuratu duena.

Aurkezpenean Xabier Urdangarin Astigarragako alkatea, Marie Heguy-Urain Euroeskualdeko Hiritartasun proiektuen arduraduna eta Compagnons du Tour de France zentroko egurrezko egituren irakasle Iban de la Fuente izan dira, besteak beste.

Astigarragako alkateak «oso pozik» dagoela proiektuarekin azpimarratu zuen eta bere hitzen arabera, Dolareak proiektuak hiru helburu nagusi ditu: «Tolare zaharrak berreskuratu eta zaharberritzea, gazteei zurgintza lanbide tradizionalak irakastea prestakuntzaren bidez eta mugaz gaindiko lankidetza sustatzea Euskal Herrian programa eleanitz baten bitartez».

«Duela bost mende hasitako bidaia baten jarraipena da hau, baina ez da azken geldialdia. Udaletik espero dugu lankidetza emankor baten hasiera izatea. Lehendabiziko harria, kasu honetan egurra, jarri dugu», adierazi zuen alkateak. Erbetegi-Etxeberri baserriko Aritzi aitortza ere gin zion «berak martxan ikusi baitzuen tolare hau eta gu pozik bagaude pentsa bera nola izango den».

 

Mugaz gaindiko lankidetza

Bere aldetik, Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeko ordezkariak azpimarratu duenez, «gure helburuak betetzen dituen egitasmo baten adibide ona da hau, mugaren bi aldeetako garapen ekonomikoa, soziala eta kulturala sustatzen dituelako, ondarea eta hezkuntza ardatz hartuta, mugaz gaindiko lankidetzaren bidez».

Compagnons zentroko Iban de la Fuente izango da tolarea zaharberritu eta muntatzeko lanetan parte hartuko duten ikasleak zuzendu eta trebatzeaz arduratuko den irakasleetako bat. «Gaur egun egurra eraikuntzan gero eta gehiago erabiltzen den arren, egur zaharra oso gutxi berrerabiltzen da, moztu eta sutara botatzen baita. Egur zaharrek historia bat kontatzen digute, bizirik daude eta material bezala oraindik ere ezinbesteko garrantzia dute», adierazi zuen.

Erbetegi-Etxeberri baserria bi etxebizitzatan banatuta zegoen, eta bertan Goikoetxea eta Izeta familiak bizi ziren. Bertakoa ezagutzen den eta gorde den mota honetako tolare bakarra da: Animalien indarraz mugitutako matxaka zuen eta ardatz bikoitzeko tolareari eskuz eragiten zitzaion. Lau pertsona behar ziren ardatz bakoitza lanean jartzeko. Baserrian, sagarra jo, estutu eta lortutako muztio gehiena Donostiako tabernetan saltzen zen. Barrikote bat betetzen zen joaldi bakoitzean eta sagardoa prest zegoenean bizilagunak gonbidatzen zituzten hura dastatzera txalaparta joaz. Hain zuzen, Goikoetxea familia funtsezkoa izan zen perkusio-instrumentu hau mantendu eta berreskuratzeko ahaleginetan, eta Juan Mari Beltranek nahiz Joxean eta Jesus Mari Artze anaiek haiei esker ikasi zuten.

 

Tolarea muntatu, egurra datatu eta 3D eskaneatu digitala egingo zaio material didaktiko bezala erabiltzeko

Aipatutako zentroetako ikasleak izango dira tolareari bizia emango diotenak, hainbat urtez altxor gisa gordeta egon ondoren. Antzinako egurra ulertzen ikasiko dute, garbitu egingo dute bere egoera ebaluatzeko eta babes-tratamendu bat aplikatuko diote. Gainera, sagardo dolare batean egurra nola kokatzen zen ikasiko dute, eta egur zaharrarekin nola lan egin irakatsiko zaie. «Ezagutza hori transmititu nahi diegu, gaur egun egurra tresna modernoarekin lantzen baita, baina egur zaharra eskuz landu behar da», gaineratu zuen irakasleak.

Tolarea muntatu ondoren, egurra datatuko da bere iraganaren berri izateko, eta 3D eskaneatu digital bat egingo zaio, etorkizuneko prestakuntza-materialetan baliabide didaktiko gisa erabili ahal izateko. «Dolareak egitasmoari esker, sagardoarekin lotutako gure ondarearen funtsezko pieza bat berreskuratuko dugu, gure kulturan eta bereziki Astigarragan errotuta dagoen produktua, zeinetan egurrak oso toki garrantzitsua izan zuen, nahiz eta gero eta gehiago ordezkatu den altzairuagatik», adierazi zuen irakasleak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!