50 urte igaro dira Astigar elkartea sortu zenetik eta urte hauek ospatzeko kultur astea antolatu zuten urrirako. Hori horrela, urriaren 13tik zenbait kultur ekintzetan murgilduta ibili dira astigartarrak, eta gaur emango zaie amaiera jarduera hauei, zenbait ekintzekin. Hasteko, gaur eguerdiko 12:00etan, Astigar elkartearen dantza emanaldiak hartuko du nagusitasuna, eguerdiko 12:00etan, Foru Plazan. Eguerdian, berriz, bazkari baten bueltan elkartuko dira denak Astarben, eta kultur asteari errematea emango diote gaur gaueko 20:00etan, Süneren emanaldiarekin.
Süneren emanaldia, Erriberako atarian
Josune Arakistain abeslari itziartarra Astigarragako Erriberako oholtzara igoko da gaur. Huntzako abeslaria izan zen urte luzez, baina bakarlari bideari ekin zion 2022garren urtean, Süne izen artistikoarekin. Horrenbestez, bera izango da gaur gaueko protagonista. Gaueko 20:00etan emango zaio hasiera kontzertuari, Erribera kulturguneko atarian eta doakoa izango dela jakinarazi dute antolatzaileek.
'Amaineman' diskoko abestiak eskainiko ditu Sünek gaurkoan: «Hasierek ematen duten askatasunarekin zein beldurrarekin sortu ditut abestiak». Sünek bere bi munduak batu ditu disko honetan; alde batetik, trikitixa; eta bestetik, elektronika: «Tradizioari erreferentzia eginez, baina aldi berean, freskotasuna eta mugimendua nahastuz».
Herritarrei eskerrak, Astigar elkarteak
Astigar elkarteak, esker hitzak eskaini dizkiete herritarrei, urte luze hauetan bidelagun izateagatik: «Astigar elkartea izan dena dudarik gabe herritarrei esker izan da. Esaterako, urteetan zehar gurekin bat egin dute ekintzetan, jardueretan eta laguntzetan. Horregatik guztiagatik, gure esker ona eman nahi diegu herritarrei, elkarteei, taldeei, laguntzaileei eta baita Astigarragako Udalari ere, Kultur aste hau antolatzeko emandako dirulaguntzagatik eta jarritako bitartekoengatik. Ehun da ehun, berrogeita hamar!».