Pello Errota bertso sariketako finalean arituko da gaur Agin Laburu astigartarra. Arratsaldeko 20:30etan jarri dute hitzordua Asteasuko Itturri-ondo jatetxean, eta afalostean hasiko dira kantuan gaueko lau protagonistak.
Labururekin batera, Maddalen Arzallus, Etxahun Lekue eta Ekhiñe Zapiain bertsolariak sailkatu dira final haundira. Horretarako, aurretik jokatu diren kanporaketetan maila ona erakutsi dute laurek. Laburuk irabazi egin zuen Gaztelun egindakoa.
Ariketa biziak, finalerako
Afalosteak berezkoa duen bixitasuna izango du gaurko finalak. Ariketa biziak eta jolastiak izango dira gehienak, buruz buruko eta guzti.
Berezitasun modura, zortziko haundiko ariketa librean osatu beharko dute bertsolariek, 10 minutuko saioa osatuta. Buruz burukoan, berriz, Iparragirre doinuan, objektuari kantuan eta puntuka arituko dira.