Astigarren Kantu Jira egingo dute bihar arratsaldean

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 15a, 00:00

Erakusketa ikusgarria osatu da eta inaugurazioan 50 pertsona bildu ziren.

Bihar 19:00etan abiatuko da Kantu Jira Joseba Barandiaran plazatik eta etzi 21 elkarte batuko dira herri mugimenduei buruzko hausnarketan. 

 

Aretotik plazara aterako dituzte ospakizunak astearen bigarren zatian Astigar Elkartekoek, eta jai giroa izango da protagonista. Horrela, bihar Kantu Jira girotua egingo dute, 19:00etan Joseba Barandiaran plazatik abiatuta, herriko kaleetan zehar.

Bestetik, etzi, ostiralean, herri mugimenduari buruzko hausnarketa partekatua egiteko saioa antolatu du Astigarrek Erriberan, eta bertara deitu ditu herriko 21 elkarte. Hasiera batean, gaur arratsaldean egitekoak ziren, baina Palestinaren aldeko geldialdiarekin bat eginda, etzira aldatu dute. 19:00etan hasiko da saioa.

Larunbatean egun haundia

Eta larunbatekoa izango da egun haundia, eguerditik gauera luzatuko den programarekin. Aurrena, dantza emanaldi berezia eskainiko dute Astigar taldeko egungo dantzariek eta izanda­koek, 12:00etan hasita Fo­ru Pla­­zan. Ondoren, elkartearen eki­­taldia egingo dute, Foru Plazan bertan. Eta segidan, Astarbe sagardotegira mugituko dute festa, bazkaria egingo baitute elkarteko kideek eta lagunek.

Puntako emanaldi batek jarriko dio errematea Kultur Asteari, Süne (Josune Arakistain) musikari eta abeslariak eskainiko baitu kontzertua Erribera kulturgunearen kanpoaldean, iluntzeko 20:00etatik aurrera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!