Oso urte berezia ari da izaten Astigar elkartearentzat. 50garren urteurreneko ekintzek dozenaka bizipen eta ehunka emozio utzi dituzte dagoeneko, baina ez dute goia jo oraindik. Ospakizunekin jarraitu nahi dute, eta aste osoko programa prestatu dute oraingoan: gaurtik larunbatera bitarte izango da Kultur Astea.
'Astigarraga horixe bakarra' erakusketak emango dio hasiera. Gaur arratsaldeko 18:00etan inauguratuko dute, Erriberako erakusketa aretoan; eta larunbatera bitarte egongo da zabalik, goizez zein arratsaldez. Bertan, argazki, bideo, agiri, oroigarri eta abarren bidez jaso dituzte elkartearen mende erdiko historia eta ekintzak. Gainera, bisita gidatuak eskainiko dituzte gaurko inaugurazio ekitaldian eta asteazkenean, 18:00etan; eta bideo emanaldi bat ere izango da bihar, ordu berean: Astigarren 50garren urteurrenaz, aurtengo jaien atarikoaz eta argazki zaharren bildumaz.
Beste hitzordu baten eszenatoki ere izango da Erribera kulturguneko erakusketa gela, asteazkenean, 19:00etan. Izan ere, herri mugimenduari buruzko hausnarketa partekatua egiteko saioa antolatu dute, eta bertara deitu dituzte herriko 21 elkarte.
Jai giroa protagonista, ostegunean eta larunbatean
Aretotik plazara aterako dituzte ospakizunak astearen bigarren zatian, eta jai giroa izango da protagonista. Horrela, ostegunean Kantu Jira girotua egingo dute, 19:00etan Joseba Barandiaran plazatik abiatuta, herriko kaleetan zehar.
Eta larunbatekoa izango da egun haundia, eguerditik gauera luzatuko den programarekin. Aurrena, dantza emanaldi berezia eskainiko dute Astigar taldeko egungo dantzariek eta izandakoek, 12:00etan hasita Foru Plazan. Ondoren, elkartearen ekitaldia egingo dute, Foru Plazan bertan. Eta segidan, Astarbe sagardotegira mugituko dute festa, bazkaria egingo baitute elkarteko kideek eta lagunek.
Puntako emanaldi batek jarriko dio errematea Kultur Asteari, Süne (Josune Arakistain) musikari eta abeslariak eskainiko baitu kontzertua Erribera kulturgunearen kanpoaldean, iluntzeko 20:00etatik aurrera.