Zabalik dago AP-8 errepidea Irunerako norantzan ere, goizeko sutearen ondoren

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 11a, 16:17

Goizeko 11:15ak aldera su hartu du kamioi batek Aginaztegiko tunelean, Perurena parean. Ia ordubetez bi noranzkoetan itxi dute AP-8 errepidea, arriskuagatik; eta 13:30ak arte ez dute libratu Irunerako norantza.

Ezbehar larria izan da gaur goizean AP-8 errepidean, Aginaztegiko tunelean; Perurena auzoaren azpikoan, hain juxtu. Irunerako noranzkoan gertatu da. Kamioi bat matxuragatik gelditu da bertan, 11:15ak aldera, eta su hartu du ondoren.

Hori horrela, AP-8 errepidea erabat itxi dute bi noranzkoetan, sua itzaltzeko lanak egin bitartean. Bi kilometroko auto-pilaketak sortu dira noranzko bakoitzean.

Eguerdiko 12:00ak aldera ireki dute errepidea Bilborako noranzkoan. Sua azkar itzaltzea lortu dute suhiltzaileek, baina lanean jarraitu dute bertan, garbiketa lanetan, besteak beste. Ondorioz, errepideak itxita jarraitu du Irunerako noranzkoan, beste ordubetez. 13:00ak aldera zabaldu dute errei bat noranzko horretan, eta 13:30etan bigarren erreia. Arretaz gidatzea gomendatu dute, tuneletik pasatzean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!