Hamaika jarduera egin ditu aurten Astigar Dantza Taldeak, Astigarren 50.urteurrena ospatzeko. Taldeak mende erdia egin duen honetan, Kultur Astearekin jarraituko dute astigartarrek ospakizuna, etzi hasita eta urriaren 18ra bitartean.
50 urteko ibilbidearen erakusketa, etzitik
'Astigarraga horixe bakarra' erakusketak irekiko du Kultur Astea. Etzi, astelehena, erakusketa estreinatuko da Astigarragako Erribera kulturguneko erakusketa gelan. Bisitatzeko aukera izango da datorren aste osoan zehar, goizez zein arratsaldez. Mende erdi honetan taldeak egindakoak erakutsiko dituzte, euskarri ezberdinen bitartez. 50 urteek askorako eman dute, eta ibilbidean egindakoa argazki, bideo, agiri eta oroigarri bidez erakutsiko dute.
Gainera, bisita gidatuak ere egingo dituzte etzi astelehenean eta asteazkenean arratsaldeko 18:00etan hasita. Baita bideo proiekzioa asteartean, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Bertan, ospakizuneko ekintzak eta argazki zaharren bildumak elkartuko dituzte.
Kantu jira denak batera
Garai bateko ohiturak berreskuratuz, kantu jira antolatu dute hilaren 16an, ostegunean. Kantu taldeak lagunduta, arratsaldeko 19:00etan abiatuko da kalejira Joseba Barandiaran plazatik, eta herriko kaleetan zehar egingo dute jira. Herritar oro parte hartzera gonbidatu du dantza taldeak.
Herri mugimendua solasgai
«Herri mugimenduak egin dituen ekarpenak kontuan hartuta», 21 elkarte batuko dituzte herri mugimenduaren inguruko hausnarketa partekatua burutzeko. Jarduera hau hilaren 17an egingo dute, arratsaldeko 19:00etan erakusketa aretoan bertan. Hasiera batean, urriaren 15erako programatu zuten solasaldia, baina Palestinaren aldeko lanuztearekin bat eginda, atzeratzea erabaki dute.
Ospakizun haundia, Süneren emanaldiarekin
Kultur Astea ospakizun haundiak borobilduko du. Hilaren 18an egingo da, eta jarduera ezberdinek bilduko dute eguna. Eguerdiko 12:00etan Astigar Dantza taldean ibilitako zein gaur egungo dantzariak elkarrekin, emanaldi berezia eskainiko dute Foru Plazan. Eta ondoren, elkarteko kideen eta lagunen topaketaren ekitaldia izango da.
Elkarrekin bazkaltzea da asmoa, eguerdiko 14:30etan Astarbe sagardotegian bilduta. Bazkarian parte hartzeko txartelak banatzen ibili dira taldekoak, kide eta lagunen artean.
Azkenik, egun haundia bukatzeko eta Kultur Astea agurtzeko, Süne euskal musikariaren emanaldia izango da arratsaldeko 20:00etan, Erribera kulturgunearen atarian.
Esker hitzak besterik ez dituzte dantzariek herritarrentzat, «urteetan zehar taldearekin bat egin baitute ekintzetan, jardueretan eta laguntza behar izan den guztietan. Astigar elkartea izan dena dudarik gabe herritarrei esker» izan dela argi dute.
EGITARAUA
ASTIGARRAGA
Urriaren 13tik 18ra Erakusketa: 'Astigarraga horixe bakarra', Erribera kulturgunean.
Urriaren 16an Kantu jira girotua, Erriberan 19:00etan.
Urriaren 17an Herri mugimenduari buruzko hausnarketa, Erriberan 19:00etan.
Urriaren 18an Dantza emanaldia eta ekitaldia 12:00etan Foru plazan. 14:30ean bazkaria Astarben eta 20:00etan Süneren emanaldia Erribera kanpoaldean.