«Astigarragak ez du kalitatezko autobus zerbitzurik eta indartzea eskatzen dugu»

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 9a, 00:00

Andoni Gartzia eta Xabier Urdangarin Astigarragako geltokietako baten aurrean.

«Autobus zerbitzuaren arazoa gero eta larriagoa da Astigarragan» eta Udalak, «Aldundiaren erantzunik ezaren aurrean, lehenbailehen irtenbideak martxan jartzeko» eskatu dio Foru Aldundiari mozio batean.

Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak eta Andoni Gartzia Gobernu Udal taldeko kide eta zinegotziak, autobus zerbitzuan Astigarragak bizi duen «egoera ulertezina» ezagutarazi nahi izan diete herritarrei, EH Bilduren mozioa onartu eta gero aurreko asteko Plenoan. «Herritarrak garraio publikoa erabili behar eta nahi dute eta administrazioa ez da gai erantzun duin eta egoki bat emateko. Autobus nahikorik ez, maiztasun eskasa, ekipamendu publiko estrategiko eta oinarrizkoetara (ospitaleak eta unibertsitateak) iristeko ezintasuna...», salatu dute. «Hiru urtetan bilerak egin eta gero Aldundiarekin berdin jarraitzen dugu», nabarmentzen du alkateak

Herri bakarra ospitaletara eta unibertsitateetara autobus zerbitzurik ez duena

Astigarraga da Buruntzaldeko nahiz Oarsoaldeko herri bakarra ospitaleetara joateko autobus zerbitzu zuzena ez duena eta «horri konponbidea jarri behar dio Foru Aldundiak. Ospitaleak nahiz unibertsitateak oinarrizko zerbitzuak dira eta hiriarteko autobusaren sare publikoak zerbitzu horietara iristea ziurtatu egin behar du. Astigarraga baztertuta geratu da eta garaia da gai horri benetan heldu eta irtenbide bat emateko».

Lurraldebusek eta Foru Aldundiak BU12 eta BU13 indartzeko neurriak hartu dituzte, «baina unean uneko konponbide laburrak dira. Neurri horiek hartu dituzte beti arazo haundiak izan ondoren (jendea geltokian igo ezinik, Hernanitik beti autobusa oso beteta, Astigarragako jendea ia beti zutik, larria dena adineko pertsonen edo ezintasunen bat duten pertsonen kasuan...) eta herritarren eta Udalaren kexak jaso ondoren».

«Jende heldua geratzen da askotan geltokian eta sartzen badira modu desatseginean bidaiatzen dute»

«Jendea geltokian geratzen da askotan autobusera igo gabe. Errefortzuko autobusarekin ere ez dugu lortzen kalitatezko zerbitzu bat eskaintzea. Nahikoa da gora behera txiki bat jendea geltokian geratzeko edo zerbitzua atzeratzeko», gogoratzen du Urdangarinek.

Bere hitzetan «aurreko geltokira joaten dira asko kanpoan ez geratzeko. Dinamika horretan, sortzen den beste arazo garrantzitsua da Astigarragan jende helduenak azkenengo geltokian hartzen duela autobusa eta ordurako beteta iristen da, kanpoan geratzeko arriskuarekin, eta sartzen bazara zutik modu desatseginean bidaiatzen dute».

Astigarragako Udalak lau urte daramatza gai honetan urratsak ematen Urdangarin eta Gartziaren esanetan, baita «Aldundiari bilerak eskatzen, bilerak egiten, proposamen zehatzak aurkezten, idatziak bidaltzen, mozioak aurkezten... eta Aldundiaren aldetik, hiriarteko garraioa bere ardura eta eskumena izanik ere, ez da erantzun garbirik jaso».

Bi eskaera egiten dizkiogu Aldundiari: Autobus zerbitzuak indartu eta jartzea

Hori dela eta, Udalak bereziki bi eskaera egiten dizkio Aldundiari, eta lehenbailehen irtenbide bat emateko eskatzen du: «Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen dio Astigarraga zuzenean ospitaleekin eta unibertsitateekin lotuko duen autobus zerbitzua beranduenez 2026an martxan jartzeko, DBusen 35. linea luzatuz edota Lurraldebsuen linea berri bat jarriz, betiere indarrean dauden Astigarragako lineetan inolako murrizketarik egin gabe».

Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen dio «BU13 zerbitzua indartzeko, hurrengo neurriak martxan jarriz: BU13ren maiztasuna astean zehar 15 minutukoa izatea eta asteburuetan 20 minutukoa». Gaur egun BU12ak 30 minutukoa du maiztasuna eta BU13ak 20 minutukoa astegunetan eta 30 minutukoa asteburuetan. «Zerbitzu gehigarriak, ahal den neurrian Astigarragatik, Oialumetik bertatik, abiatzea. BU13 linean autobus artikulatuak eskaintzea, batik bat ordu zailenetan».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!