Alkateak Plenoan erantzun die EAJren «manipulazioari eta ezjakintasunari»

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 8a, 00:00

Xabier Urdangarinek iraileko Plenora eraman zuen jeltzaleek Kronikan argitaratutako idatzian jasotakoa, eta «datu zehatzekin» erantzun.

Irailaren 25eko Kronikan argitaratu zuen idatzia Astigarragako EAJk, udal gobernuari «pasibotasuna eta kudeaketa falta» egotziz. Eta idatzi horretan jasotakoei, iraileko Plenoan erantzun zien Xabier Urdangarin alkate­ak, jeltzaleen «gezurrak, manipulazioa eta ezjakintasuna» salatzeko, «datu zehatzekin».

Lehenik, EAJk idatzian salatu zuen «geldirik» daudela EH Bilduk hitzemandako proiektu nagusiak: anbulatorioa berritzea, DBH institutua, eta autobus zerbitzuaren eta mugikortasunaren hobekuntza. Alkateak erantzun zion «Jaurlaritzaren ardura eta eskumena» dela DBHko institutua eta anbulatorio berria egitea, eta Udalak «aspaldi» egin zituela bere etxeko lanak: «Atzerapenik bada, EAJk gobernatzen duen Jaurlaritzarena da. Autobusarekin beste horrenbeste, EAJk eta PSE-EEk gobernatzen duten Aldundiaren ardura eta eskumena da. Erantzukizuna Udalari egoztea gauzak manipulatzea da».

Bestalde, «kaleetako segurtasuna hobetzeko eta azpiegitura irisgarriak sortzeko konponbideak» falta zirela adierazi zuen EAJk. Alkateak erantzun zion Udalak 2020an onartu zuela mugikortasun jasangarrirako plana, eta 2024an eguneratu irisgarritasuna hobetzeko plana. Plenoan zerrendatu zituen bi plan horietatik abiatuta gauzatutako proiektu ugari, eta laster hasiko diren beste hainbat obra. «EAJri gustatuko zaio edo ez udal gobernua egiten ari dena, baina irisgarritasunaren arloan ekintza falta eta konponbiderik iritsi ez dela esatea, gezurra esatea da, edo erabateko ezjakintasuna. Edo biak».

Era berean, «pasibotasun» sa­laketari, EAJko udal taldearen datuekin erantzun zion alkateak: «Agintaldi honetan, Udalak ordaindutako %40ko lanaldia duen EAJko zinegotzia joan da Plenoaren, Tokiko Gobernu Batzordearen, Bozeramaileen Batzordearen eta Ogasun Batzordearen bileren %54ra (99tik 53ra), bera izanik organo horietan izendatuta dagoen zinegotzi titularra». EAJk erantzun zion, titularrak ezin duenean udal taldeko beste norbait joaten dela, baina Urdangarinek adierazi zuen hori ez dela egia: «Ogasun Batzordeak 26 bilera egin ditu, titularra hirutan joan da, eta EAJko beste zinegotziren bat bederatzitan. Alegia, 26tik 12 bileratara bertaratu dira». Beste datu bat ere eman zuen alkateak: «Zinegotzi guztiek dute eskubidea espediente guztiak kontsultatzeko, gaiak ondo eta sakon ezagutzeko. Agintaldi honetan 8996 espediente kudeatu ditu Udalak, eta EAJko udal taldeak hiru eskatu ditu. Nekez uler daiteke gutxieneko oposizio lanik egin daitekeenik, batzordeen bileren erdira joan gabe eta espedienterik ia eskatu ere egin gabe».

Plenoan esandakoak ohar bidez ere helarazi ditu udal gobernuak, eta beste kontu bat gehitu du: «EAJk eskatu du urtebete baino gehiago itzalita edo kenduta daramaten abiadura radarrak berriro jartzea, eta puntu gehiagotan jartzea. Esan beharra dago Astigarragako Udalak ez duela inoiz abiadura radarrik jarrita eduki. Ezjakintasun kezkagarria da». Eta gaineratu du, hainbat lan egin eta neurri hartu dituela bide segurtasuna hobetzeko.
 

Eztabaida beroa, Plenoan

Alkatearen erantzunaren ondo­ren, eztabaida bero-beroa eta gogorra izan zen EH Bilduren eta EAJren zinegotzien artean, Plenoan. Horren ondotik, beste idatzi bat zabaltzeko asmoa erakutsi du EAJk, udal gobernuari erantzunez. Udal gobernuak, al­diz, adierazi du ez duela «denbo­ra gehiago alferrik galduko horrelako eztabaida antzuekin».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!