Bi eztabaidagai nagusi izan zituen Astigarragako Udalaren iraileko Plenoak. Horietako bat, alderdien arteko tira-bira gehien eragin zuena, azken orduan sartu zuten gai-ordenean, zinegotzi guztien adostasunez: Astigarragako autobus zerbitzuak dauzkan arazoen inguruan, mozio bat aurkeztu zuen EH Bilduk, eta beste bat EAJk eta PSE-EEk elkarrekin.
Beste eztabaidagai nagusiarekin ekin zioten astearteko Osoko Bilkurari: 2026rako Zerga Ordenantzaren behin-behineko onarpena. Gobernu Taldeak %4ko igoera orokorra proposatu zuen (KPIa+%1), hainbat arrazoi tarteko: 2019-2025 urteetan %24 igo dela KPIa, eta udal tasen igoera %10ekoa izan dela; Udalak gero eta zerbitzu gehiagori erantzun behar diela, «askotan prezio igoera haundiekin»; edota Astigarragako Udalaren presio fiskala «eskualdeko herri gehienena baino baxuagoa dela, eta aldiz, herriko familien errenta eskuragarria, batazbeste, beste herrietakoa baino altuagoa».
%4koa izango da igoera orokorra, baina zerga eta tasa batzuetan ez da igoerarik izango (Jarduera ekonomikoen gaineko zerga eta obren tasa, adibidez), eta beste batzuk gutxiago igoko dira (hondakinen tasa %3). Gainera, salmenta ibiltariaren tasa ordaintzetik salbuetsiko dituzte komertzio txikien atarietan jartzen dituztenak, egunero jarri eta kendu. Prezio publikoetan, hobarien egitura bere horretan mantenduko dute, «egoera ekonomiko zailean edo zaurgarrian dauden herritarrei laguntzeko»; eta malgutasun haundiagoa eskainiko dute zorrak zatikatzeko. Era berean, egutegi fiskala moldatuko dute, ordainketak modu orekatuan banatzeko urtean zehar.
EH Bilduren aldeko botoekin onartu zen zerga ordenantza, behin-behinean. Abstenitu egin zen EAJ, iritzita «erantzukizunez» jokatu dela proposamenean, eta ados daudela; baina «neurri gehiago» eskatuta etxebizitza presioari aurre egiteko, eta hondakin bilketaren «kostu haundia» salatuta, Maria Otaegi bozeramailearen hitzetan. Xabier Urdangarin alkateak erantzun zion, Donostiarekin alderatuta adibidez, «hondakin bilketa sistema merkeagoa eta eraginkorragoa» daukala Astigarragak, «sailkatze-tasa nabarmen haundiagoarekin». Kontra bozkatu zuen PSE-EEk. Puntu gehienekin ados azaldu zen Patxi Suarez, baina bi emendakin aurkeztu zituela adierazi zuen, alegazio epean landuko direnak.
Kiroldegia haunditzeko eta berritzeko obretan, aldaketa
Autobusen gaiari heldu aurretik, kiroldegia haunditzeko eta berritzeko obrak izan zituzten hizpide, proiektuaren eranskinetan aldaketa bat egin behar izan baitute: transformazio zentroa berritu beharrean, berri bat egingo dute, haundiagoa. Aldaketa egitea aho batez onartuta, azaroko Plenora eramango dute obrak esleitzeko lehiaketa.
Autobus zerbitzuari buruzko mozioetan, eztabaida
Autobus zerbitzuarekin lotutako bi mozioei heldu zieten ondoren. Gaia Plenora eraman nahi izan zuen EH Bilduk, «kezkatuta», Gipuzkoako Foru Aldundiak planteatutako azkeneko aukera delako «BU13 linearen maiztasuna gutxitzea, lehendik larri dabilena, diru horrekin ospitaleetara eta unibertsitatera linea berri bat sortzeko». Alkateak nabarmendu zuen «duela ia lau urte» aurkeztu ziola Udalak eskaera idatzi landua Aldundiari, hiri arteko autobus zerbitzuaren eskumena duenari; eta oraindik ez duela «erantzun landurik jaso». Horregatik, bi eskaera zuzen egin dizkio mozioan: «Martxan jarri dezala Astigarraga ospitale eta unibertsitateekin zuzenean lotuko duen autobus zerbitzua, 2026an beranduenez; eta indartu dezala BU13 zerbitzua, maiztasun gehiagorekin, Oialumetik aterako diren errefortzuak jarrita eta behar gehien dagoenetan autobus artikulatuak jarrita».
EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako mozioak, berriz, Aldundiko Mugikortasun Sailari eskatzen zion «jarrai dezala Astigarragan garraio publikoa indartzera bideratutako jarduerak egiten, eta udalekin elkarlanean lurraldearen kohesioa bultzatuko duten soluzioak bilatzen, eta bilatu dezala konponbidea Astigarraga ospitaleekin eta unibertsitateekin lotzeko». Eta era berean, Astigarragako Udaleko Gobernu Taldeari eskatzen zion Aldundiarekin «elkarlanean eta leialtasunez lan egitea, Donostiako Udalarekin lankidetzan aritzeko formulak aztertzea, mugikortasunaren alde lan egitea, eta herri barruko mugikortasuna bermatuko duen hiri autobus bat martxan jartzea, erdigunea eta urrutien dauden auzoak lotuz».
Bi mozioek eta ondorengo eztabaidak agerian utzi zituzten alderdien eta erakundeen arteko tira-birak eta iritzi desberdintasunak. Aldundiaren seriotasun falta salatu zuen EH Bilduk gai honetan, eta kontrara, EAJk eta PSE-EEk Mugikortasun Sailaren defendatu zuten, eta herriak dauzkan beharren ekimena Gobernu Taldeari dagokiola adierazi zuten. Hori horrela, batak bestearen mozioaren kontra bozkatu zuen: EH Bilduren mozioa onartu zen, bere botoekin; eta onartu gabe geratu zen EAJrena eta PSE-EErena.
Ergobiko plazatxoko berrurbanizazio obrak eta Norberto Almandoz plazako azokagune estalia, bidean
Tokiko Gobernu Batzarraren bilera ere egin zuten asteartean, eta besteak beste, bi obraren proiektuak eta kontratazio-espedienteak onartu zituzten. Bata, Ergobiko plazatxoan. Auzotarrekin saio irekia egin zuten aurreko astean, eta honakoak dira egingo dituzten lan nagusiak: esalkia daukan kiosko berria jarri, plaza berrurbanizatu, eta irisgarritasun inklusiboa eta drainatze iraunkorreko sistema duten berdeguneak gehitu.
Bestea Norberto Almandoz plazan izango da: azokagune estalia egingo dute bertan, «herriko baserritarrek beren produktuak saltzeko leku egokia eta egokitua izan dezaten».
Bi kasuetan, 2025eko bukaeran edo 2026ko hasieran hasiko dituzte obrak.