Astigarragako Udalak «Gizonak berdintasunerantz: gogoetarako eta kontzientzia hartzeko» saioak antolatu ditu. Izan ere, Berdintasunerako IV. plana diseinatu zuenean atera zen ondorioetako bat, «gizonen inplikazioaren beharra berdintasunean urratsak eman ahal izateko» izan zen. Horrenbestez, bost saio antolatu ditu urritik otsailera, eta Hiruki Larroxako Egoitz Albeniz hernaniarrak zuzenduko ditu.
Albenizek dio «gizontasun ereduaren inguruan hausnartzeko espazioa» izango dela saio bakoitza, eta saio horietan, gizonek gogoeta sakona egitearekin batera, ezinegonak eta kezkak partekatzeko, kritikarako eta autokritikarako ere balioko dutela ere iragarri du. Saio bakoitzean ondorengo gogoeta ezberdinak eragin nahi direla aitortu du Albenizek; besteak beste, gizontasuna, maskulinitatea eta indarkeria
Aurrez aipatu moduan, urrian hasi eta otsailean amaituko dira saioak, eta hilean behin eskainiko dira, ondorengo egun, ordu eta lekuan: urriaren 15ean, azaroaren 19an, abenduaren 17an, urtarrilaren 21ean eta otsailaren 18an; arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara, Erribera kulturgunean.
Izenematea, etzira arte
Parte hartzea doako da, baina aldez aurretik izena ematea ezinbestekoa dela azaldu dute antolatzaileek. Apuntatzeko azken eguna etzi izango da, eta ondorengo bideetatik egin daiteke: berdintasuna@astigarraga.eus-en eta 638 206 586 zenbakira deituta, edota formularioa beteta (labur.eus/tckra7ex)
Saio hauek «berdintasunerantz urratsak eman nahi dituzten» Astigarragako gizon guztiei zuzenduta daudela azpimarratu du Hiruki Larroxak, eta beraz, animatzeko deia luzatu diete, horretarako prestatuta daudenei.